Berriak

2019/10/30 Agora K2050Elkarrizketak

Oscar Clemente, zuzendaria eta gidoigilea: "Beharrezkoa da imaginazio kolektiboa deskontaminatzea, gizarte jasangarriago eta berdinzaleago baterako bidea egiteko"

Óscar Clemente zuzendaria eta gidoigilea, Gea21eko kidea, Donostian izango da asteazken honetan, urriaren 30ean, Agora K2050 egitasmoaren baitan hitzaldia eskaintzeko (19:00etan San Telmo Museoan). Clementek, besteak beste, hausnartuko du komunikabideek mundu iraunkorrago batez hitz egiterakoan eskaintzen dizkiguten irudiei buruz. Nola itxuratzen dute narrazio hauek gure irudimen kolektiboa Klima Larrialdiaren eta Iraunkortasunaren inguruan? Jardunaldian publizitate eta komunikazioko ikus-entzunezko kontakizunen analisi kritikoa aurkeztuko da. Iragarki, mezu eta bideo ezberdinak berrikusteko aukera bikaina izango da, baita gure gogoa kutsatzen duten moduaz hitz egiteko ere.

Berarekin izan gara hitzaldiaren aurretik, hedabideen eta sare sozialen paperari buruz solasean, larrialdi klimatikoaren eta klima-aldaketaren errelatoa eraikitzerakoan duten erantzukizunari buruz.

Zein da hedabideen papera mundu jasangarriago bati buruz hitz egiterako orduan?
Litekeena da masa-hedabideena izatea CO2 isuri gehien eragiten duen industria, ez zuenean, noski, baina bai jarrera- eta portaera-eragile gisa eta bizitza-moduen eragile bezala, jakin badakigunez, oso kutsagarriak direnak. Kontsumo-gizartea ezin da ulertu masa-hedabideek imajinario kolektiboa sortzeko duten berebiziko garrantziarik gabe, oso jasangaitza den modu batean aritzeko seduzitzen eta eragiten gaituztelako.

Ikusentzunezko lengoaia eta hedabideak kanal eta tresna egokiak dira duten kontsumo masiboa eta globalagatik. Beren erabilera egokia egiten ari da gizartea?
Pertsonalki asko kezkatzen nau bizimodu jasangarriago baten eredu baterantz trantsizioa sustatzen dugun mugimendu sozialek, GKE-ek eta erakundeek egiten dugun sare sozialen erabilerak. Nire ustez oso modu alaian besarkatu ditugu beren izaeragatik egokienak ez diruditen komunikazio-tresnak. Susmoa dut "erabili eta bota" egiten den komunikazioaren garaian bizi garela, eta gorri nahi dugun diskurtsoaren kontrakoa dela hori. Egon badago gero eta kezka hndiago bat "fast fashion" bezalako fenomenoen inguruan adibidez, baina oso kritika gutxi dago "fast communication" garai honen inguruan.

Iruditzen zait tweet edo txio formatua behin erabiltzen diren plastikozko ontzi eta plateren baliokidea dela, eta ordu gutxi batzuk baino gehiagoko bizitza izango duten eredu komunikatiboetarako trantsizioa egin beharko genukeela. Oso gai korapilatsua da; izan ere, hain boteretsuak diruditen tresna horiek buztinezko oinarria izan arren (sare horiek gehiago ez erabiltzea erabakitzen dugun unetik beren balioa hutsaren hurrengoa da), gaur egun gero eta populazio zati handiagoari, bereziki nerabeak eta gazteak, sare sozial horien bidez soilik interpelatu diezaiekegu.

Sarritan katastrofismoan eror gaitezke larrialdi klimatikoari loturiko edozein errealitate komunikatzerakoan. Izugarrikeria hobeto iristen da gizartera?
Ez. Nire ustez fase hori gaindituta beharko genuke eta ikusgarritasuna eman beharko genieke mundu ooan funtzionatzen duten aldaketa-proposamenei, asko dira eta, itxaropenari ateak ireki eta irudimena desblokatu. Errelato distopikoen epidemia bizi dugu, albistegietatik plataforma digitaletako telesailetara, eta nire iritziz paralizatu egiten gaituzte. Balirudike saihestezina den katastrofe global baterako ohitu nahi gaituztela. Sentsazioa dut kontsumo-gizartearen iruditeria hegemonikoa dela, baina ez errelato menderaezina delako, baizik eta ez garelako gai izaten ari errelato alternatiborik eraikitzeko eta ikus arazteko. Hortxe jarriko nituzke nik gure esfortzu eta indar guztiak eskura ditugun aldaketarako aukiera guztiak bistaratzeko eta ezagutzera emateko.

Duela ez askora arte urrutiko erreferentzia bisualak erabiltzen ziren klima aldaketaren inguruan kontzientziatzeko (poloen urtzaldia, hartz polarrak...), baina ondorioak jada gure hirietan ikusten dira. Erreferentzia horiek eguneratzen ari al dira?
Apokalipsiaren errelatoan harrapatuak jarraitzen dugu, lehen zerbait oso urrunekoa zen (denboran eta espazioan) baina gero eta gertuago daukagu. Dagoeneko ezbeharrak eta katastrofeak gertuago antzematen ditugu baina nire ustez beti ondorioen inguruan hitz egitea, kausak aztertu gabe eta klima-larrialdiaren arazoaren soluzioei arreta eskaini gabe, ez da estrategia komunikatibo eraginkorra. Nire hitzaldiaren izenburuan planteatzen dudan bezala, beharrezkoa litzateke "imaginazio kolektiboa" deskontaminatzea, gizarte jasangarriago eta berdinzaleago baterako bidea argitzeko beharrezko pauso gisa.


Hitzaldia asteazkenean izango da, urriaren 30ean, arratsaldeko 19:00etan San Telmo Museoan, eta keinu hizkuntzara itzulpena egongo da (sarrera irekia eta doakoa lekua bete arte).