Berriak

2019/8/6 Ingurumen albisteak

Neurrizko tenperatura gorakadak uholde arriskua areagotuko du Europan

Europan bizi bazara, presta ezazu zure burua ez etorkizun beroago baterako bakarrik, baizik eta baita zinez etorkizun hezeago baterako ere, eskualde askotan perturbazio eta arrisku gehiago egongo direlarik, uholde arriskuak nabarmen egiten baitu gora.

Aurreikuspenek diote kontinentearen zati handi batean uholde arriskua nabarmen haziko dela datozen urteetan, baita klima-aldaketaren eskenatoki baikorrenak zehazten duen 1,5º C-ko tenperatura gorakada izanda ere, garai pre-industrialarekin alderatuta.

Europar Batzordeko Joint Research Centre-ren ikerketa batek uholdeen inpaktuak aztertzen ditu, hiru eskenategitan: 1,5 ° C, 2 ° C eta 3 ° C-ko beroketarekin. Aurretiaz eginiko hainbat ikerketa aztertuz ondorioztatu du hainbat arrisku goraka doazela. Europa erdialdeko eta mendebaldeko zatirik handienean uholde arriskuak gora egingo du beroketa eskenategi guztietan: beroketa handitzen den heinean, arriskua ere modu berean handituko da.

Klima-aldaketari aurre egiteko mundu mailako hitzarmenak, 2015eko Pariseko Hitzarmena hain zuzen ere, 2º C-tan ezarri zuen tenperaturen batez-besteko gehienezko gorakada onargarria (garai pre-industrialarekin alderatuz). Baina, aldi berean, herrialdeei gomendatu zien helburua 1,5º C-tan ezartzea, askoz ere erronka zorrotzagoa, ezbairik gabe. 2º C-ko helburua zenbateraino izan daitekeen errealista esatea zaila da, eta eztabaida sutsuak pizten ditu.

Aurreikuspenen arabera, uholdeek Europa osoan eragingo dituzten kalteak bikoiztu baino gehiago egingo dira, batez-beste %113 haziz beroketa 1,5º C-tan mantentzen da (gorakada %145ekoa izango da aldiz, beroketa 3º C-koa bada). Kalteak jasango dituzten herritarren aurreikuspenei dagokienez berriz, datua %86 eta %123 artean kokatzen da.

Nolanahi ere, joerak Europa erdialdean eta mendebaldean uholde arriskua modu iraunkorrean haziko dela erakusten badu ere, tenperatura epelagoekin Europa ekialdeko zenbait lekutan arriskuak behera egin lezakeela ere ondorioztatzen du ikerketak, emaitza horiek ziurgabetasun maila handia duten arren.

Tenperatura 1º C igoz gero Espainian, Portugalen eta Grezian izango liratekeen ondorioak aski ezagunak dira, baina maila altuagoko beroketarekin datuak zalantzazkoagoak dira, urteroko euri kopuruaren murrizpena dela-eta.

Joint Research Centre-ren analisia, Climate aldizkarian argitaratua, Europan etorkizunean izan litezkeen ibai-uholdeen joeraren ulermen zientifikoa hobetzen du, eta uholdeen larritasuna eta maiztasuna areagotzearen inguruan egokitzapen plan eraginkorragoak antolatzeko beharra azpimarratzen du.


Jatorrizko albistea ClimateNewsNetwork.net webgunean argitaratua. Jarraitu albiste osoa irakurtzen hemen [en].