Berriak

2018/1/10 Ingurumen albisteak

Nekazaritza ekologikoa eskolan lantzeko jolas digitalak

Ecosegell izeneko proiektua jarri du martxan Kataluniako Nekazaritza Ekologikoko Produkzioaren Kontseiluak (CCPAE). Eskoletan nekazaritza ekologikoaren oinarriak eta elikagai ekologikoen etiketa moduak ikasteko hezkuntza-baliabide digitala da Ecosegell, 10-14 urte bitarteko gaztetxoei zuzendua bereziki. Jolasen bidez gaiok lantzea eta gazteengandik gizartera zabaltzea du asmo proiektuak.

Ekimen berritzailea
Vida Sana elkartearekin batera sortu du kontseiluak proiektu pedagogikoa, Espainiako estatuan sortu den modu horretako lehenetarikoa. Hiru jolasek osatzen dute material digitala: produkzio ekologikoaren gaineko galdeketa erantzutea da lehenengo pausoa, elikagai ekologiko baten etiketa sortzea bigarrena, eta elikagaiokin sukaldean egiteko ariketa azkenekoa.

Proiektuaren helburu nagusia nekazaritza ekologikoaren oinarriak irakastea eta osasunarekin eta ingurumenarekin errespetuzko jarrera eta balioak bultzatzea dela diote bultzatzaileek. Gazteek ikasitako kontzeptuak etxera eraman eta bertakoak gaiaren inguruan “kutsatzea” espero dute gainera.

Gazteentzako materialaz gain, irakasleentzako gida ere osatu dute ekimenaren sortzaileek, gaiaren inguruko eduki teorikoetan sakontzeko. Ikerketarako eta informazio bilaketarako ariketa pare bat ere proposatzen dizkiete irakasleei gida horretan.

Edonorentzat eskura eta dohainik
Bereziki lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduta egonik ere, bitartekoa eskolatik kanpo erabiltzeko aukera ere eman nahi izan dute bultzatzaileek. Horregatik jarri dute www.ecosegell.cat webgunean materiala eskuragarri, edonor sartzeko moduan, libre eta doan.

Lehenagotik bazuten sortua hainbat hezkuntza-material Katalunian, baina horiek zaharkituta gelditzen ari zirela ikusita jarri du CCPAEk proiektu berria martxan. Eskoletan nekazaritza ekologikoari eta jasangarritasunari lotutako gaiak modu atsegin eta entretenigarrian landu daitezkeela erakusten duen beste adibide bat da hau.


Jatorrizko albistea Garazi Zabaletak Argia.eus webgunean argitaratua.