Berriak

2019/11/25 Ingurumen albisteak

Munduan kutsadura gehien duen lekua Itsaso Bareko uharte urrun eta huts bat da

Txileko kostaldetik 5.000 kilometro ingurura, Henderson uhartea planetako lekurik urrunenetakoa da. Nolanahi ere, Itsaso Bareko hegoaldean dagoen uharte britainiar honen eta gertuen duen lehorreko hiriaren artean dagoen distantziak ere ezin izan du saihestu uhartea munduko lekurik kutsatuenetakoa bilakatzea. Ikerketa berri baten arabera, uharte honek pilatzen du gizakiak sorturiko munduko zabor dentsitaterik handiena eta bertan aurkitutako hondakinen %99,8 plastikoak dira.

Uhartean ez da inor bizi, 37 km2 eskaseko azalera dauka eta bertan 18 tona plastiko aurkitu dira berriki. Kutsaduragatik alde batera utzita, gizakiak ia ukitu ere egin ez duen ekosistema bakanetakoa da. Zaborraren zati handiena -%68 inguru- ikusi ere ez da egiten, metro koadro bakoitzean 4.500 zabor zati txiki lurrazaletik 10 zentimetrora lurperatuak baitaude.

Zabor kopuruak, aurkitutako objektu motak eta beren jatorriak aho bete hortz utzi ditu Tasmaniako Unibertsitateko eta Erresuma batuko Hegaztien babeserako Erret-Elkarteko ikerlariak. "Henderson uharteko objektu asko baztertutako produktu edo erabilera bakarrekoak deiturikoak dira", adierazi dio BBC kateari ikerketaren egileetako bat den Jenmnifer Laversek.

Arrantzari lotutako objektuez gain, besteak beste hortzetako eskuilak, txiskeroak, bizar-xaflak edota kolore ezberdinetako plastiko gogorrez eginiko kaperak aurkitu dira. "Lurreko karramarroak botiletako tapoietan bizitzen hasi dira, bai eta edukiontzietan eta edergintzako potoetan ere", aipatu du Laversek. Karramarro bat hautsitako panpin baten buru barruan bizitzen ere aurkitu zuten. "Plastiko hori zaharra, hauskorra, zorrotza eta toxikoa da", gaineratu du ikerlariak.

Jatorriari dagokionez, zaborraren zati handi bat Hego Amerikako ontzietatik dator, baina baita munduko beste hainbat txokotatik ere. "Inor ez da libratzen. Alemaniako botilak, Kanadako edukiontziak edota Zeelanda Berriko arrantza-kutxa bat ere aurkitu izan ditugu", esan du Laversek. "Horrek esan nahi du denok dugula ardura auzi honetan eta (...) arreta jarri behar diogu".

Zurrunbiloa
Baina zergatik zibilizaziotik hain urrun dagoen leku hau kutsatuena ere bada? 10 landare eta lurreko 4 hegazti endemiko dituen uharte hau, itsas-korronte baten erdigunetik oso gertu kokatua dago, Itsaso Bareko hegoaldeko zurrunbiloa eta itsas-korronte handia bezala ezaguna dena.

Nolanahi ere, bere kokagune geografikotik haratago, oinarrian dagoen arazo da planetako itsasoetan dagoen hondakin plastiko kopuru erraldoia. Ikerketaren egileen arabera, bai gobernuek baina baita gutako bakoitzak ere badu ardura itsasoetako kutsadura saihesteko orduan.


Jatorrizko albistea bbc.com webgunean argitaratua