Berriak

2020/2/4 ItsaslaminakProiektuak

Mugaz gaindiko 'Itsaslaminak' ekimena Fedora sarietarako izendatu dute

'Itsaslaminak - Sirènes - Sirenas' ekimena, Cristina Enea Fundazioak, Miarritzeko Malandain Balletak eta Iruñeko Udaleko Hiri Ekologia eta Mugikortasun arloko ingurumen-hezkuntzako taldeak elkarlanean garatutako mugaz gaindiko proiektua, Europako Fedora sarietarako hautagaia da, Hezkuntzaren eremuko proiekturik onenaren kategorian. Saria, 50.000 €-koa, operarekin eta balletarekin lotutako proiektu berritzaileei ematen zaie, publiko berri eta zabalagoen parte-hartzea sustatzen dutenak, eta, aldi berean, parte-hartzaileen arteko gizarteratzea sustatzen dutenak.

Hala, gaur emango dio hasiera bozketa faseari, eta bertan, proiektuak Europako beste 15 ekimenekin lehiatu beharko du. Udaberrian jakinaraziko dituzte hautagaitza finalistak, eta datorren ekainean banatuko dituzte sariak, Parisen. Bozketak hurrengo 24 egunetan egin daitezke esteka honetan.

2018/2019 ikasturtean sortu zen Itsaslaminak proiektua, DBHko lehen zikloko ikasleak itsas eta ozeanoetako plastikoen arazoaz kontzientziatzeko, sentsibilizazio-saio batzuk eginez bai Donostiako eta Iruñeko ikastetxeetan, bai Pirinio Atlantikoetako departamentukoetan. Saioak Miarritzeko Malandain Balleteko Martin Harriague koreografoaren Sirènes obran oinarritzen dira, eta ozeanoetako faunaren eta floraren aberastasunari buruzko nozioak eta gorputz-adierazpenarekin, dantzarekin eta balletarekin lotutako jarduerak uztartzen dituzte; hezkuntza-programa aitzindaria eta berritzailea da.

Proiektua bultzatu duten erakundeek herritarren ingurumenarekiko eta kulturarekiko sentsibilitatea eskatzen dute ahalik eta boto gehien biltzeko eta, horrela, hondakin plastikoek ozeanoaren eragfiten duten kutsaduraren erronkari aurre egiten jarraitu ahal izateko, ikuspegi artistiko pertsonala eta poetikoa garatuz. Eta horretarako, ekimen aitzindari honi botoa ematea positiboa zergatik den zehaztu dute:

  • Gure eskualdeak, ekialdeko euskal kostaldeak, lotura berezia du historikoa, soziala, kulturala eta ekonomikoa den ozeanoarekin.
  • Gazteengana jotzen dugu, irekiagoak direlako eta behar diren aldaketekiko harkorragoak, eta, funtsean, etorkizunerako etorkizun oparoak direlako.
  • Proiektuan parte hartzen duen bazkide bakoitzak bere eremuan publikoa sentsibilizatzen duen esperientzia aintzatesten du.
  • Ziur gaude eragin handia eragin dezakegula kontzientzietan, arteak sortutako emozioei esker. Artearekin, ingurumen arazoei buruzko kontzientzia pizten dugu.