Berriak

2019/5/2 HidroLogikak

Moncho Trullos, argazkilaria: "Urumea industrial abangoardia eta garraio-bide nagusia izan zen"

Erakusketa batean sekula erabili gabeko argazki-estilo baten bitartez, Moncho Trullos eta Juan Luis Azpirozek maiatzaren 9an Urumeako industri-hondarearen inguruko argazki-erakusketa inauguratuko dute. Maiatzaren 9tik ekainaren 2ra bitarte ikusgai izango duzue Cristina Enean, eta, ekainaren 5etik uztailaren 24ra Loiola Kultur Etxera lekualdatuko dute. Helburua: Urumea bailarako hondare eta industria aberastasuna balioan jartzea.  

Zer ikusi ahal izango dugu erakusketan?
Orotara 30 argazki eta bideo bat izango dira. Bere osotasunean mendez mende gauzatzen joan diren jardueren ideia bat emango digute. Urumea ibaiaren jaiotzetik (Ezkurra gaina, Nafarroan, 650 metrora) Donostian itsasoratzen den arte, 50 kilometroko ibilbidearen ondoren. 

Eta zer du berezi erakusketak?
Alde batetik, Urumea ibaiaren historia biltzen du bere ibilbide osoan zehar. Bestetik, argazkiak aurkezteko erabili dugun estilo edo formatua du berezi. Izan ere, zuri eta beltzean egin baititugu erretratuak, kolore ukitu batekin, eta, guk dakigula, estilo honekin ikus daitekeen lehen argazki-erakusketa izango da. 

Zergatik erabaki zenuten argazkiok egitea?
Argazkigintza tresna bat da, arte bat, errealitatea azpimarratu nahi duena, zehazki, eta, hori da saiatu garena egiten. Balioan jarri nahi izan dugu Urumeako industria- eta historia-aberastasuna, eta, ikusleek erakusketaren bitartez deskubri dezatela. 

Zer helarazi nahi diozue ikusleari?
Benetako emozioak. Kuriositatea, irudiek jendea erakarri dezatela eta gure kulturaren txoko berriak ezagutu ditzala; honek bizitza hobeto ulertzen lagunduko die eta. 

Zer jenderi zuzenduriko erakusketa dugu?
1360ko Ibero Dorretxearen argazki bat edo izokin bat ibaian gora borrokan dela ere ikus dezakegu erakusketan. Beraz, mota guztietako pertsonei zuzendurikoa dela uste dugu. 

Argazkion bidez zeri eman nahi diozue balioa edo zer azpimarratu nahi duzue?
Historian Urumea bailara gertakari garrantzitsuen lekuko izan dugu eta fokua industria ikuspegian jarri nahi izan dugu. Adibide gisa, Ibero historiar gunea: zubi bat, burdinola bat eta XIV. mendeko Ibero dorrea ditugu, berriko berriztatu dutena. Nafarroako industri-aztarnarik zaharrenetakoa dugu. 

Bere jaiotzaren ondorengo meandro txiki batzuetan Ollin meatzeen aztarnak ere badira. 1897. urtean ustiatzen hasi ziren, eta, hainbat uzte-sasoi tarteko, 1975. urtean itxi zuten. Hortaz, urte hauetan guztietan, herrikoek diotenez, igande batzuetan Far Westeko legerik gabeko hiri horietako bat zirudien Goizueta. Meatzeko langileek jaieguna probesten zuten gustura asko pasatzeko. 

Urumeak euskaraz 'Ur Mia' esan nahi du, eta, bere garaian industria-abangoardia izan zen, Donostiako Santa Catalina porturainoko merkantzia garraiatzeko bide nagusia. Ereñozutik nabiga zitekeen, eta, ideia bat izan dezagun, Hernanik zazpi kaia zituen. Bertan ikatza, egurra, sagarra, burdina eta beste hainbat materiala kargatzen zuten. 


Informazio gehiago behean atxikirik den dokumentuan.