Berriak

2019/10/29 ElkarrizketakErakusketakProiektuak

'Mingostasuna. Lupuluaren ekologiak'. Lupuluaren industrian emakumeek eginiko lan ahaztua berreskuratuz

Humulus lupulus landarearen lore femeninoa garagardoa ekoizteko erabiltzen da, eta bera da, hain justu, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean abenduaren 1 arte ikusgai dagoen Mingostasuna. Lupuluaren ekologiak erakusketa berriaren protagonosta. Cristina Enea Fundazioak eta Tabakalerak elkarlanean bigarren urtez garatutako 'Egonaldia Lurrean' deialdi artistikoaren emaitza da.

Susana Cámara Leret (Madril, 1982) egileak dio erakusketak "lupuluaren gorputz kulturalaren  eta irudiaren arrastoak" biltzen dituela, "kontsumo-, erabilera- eta laborantza-politiketatik ibilbide bat" aurkeztuz.

Honela, "azken 5 edo 6 hileotan eginiko ikerketaren emaitza" den erakusketa honek, lupuluaren iragan sendagarriaz gain, ikusarazi nahi duena da "garagardo ekoizleen sektoreak nola bereganatu duen lupuluaren lorearen irudia", bere sinbolo eta ikur bilakatuz, "labeling-aren edo etiketatzearen munduan erreferentziak dituen pieza baten bidez".

Erakusketak lupuluaren inguruko hainbat material ere biltzen du, "erdi aroko farmakopeetatik hasi eta lupuluaren laborantza sustatzeko Espainiako diktaduran zehar eginiko estrategia bati loturiko dokumentu berriagoetaraino iritsiz".

Baina erakusketak, Cámara Leretek espreski erakusketa honetarako bildutako materialaren bidez, emakumeen protagonismoa ere azpimarratu nahi du. "Beren lana ezezaguna bezain ezinbestekoa zen lupuluaren ekoizpenari lotutako arlo guztietan", mekanizazioak eskuz eginiko lan kolektibo eta feminizatu hau deuseztatu baino lehen, "baina historiak ahaztu eta ezabatu egin ditu". Soinu-pieza batek horren lekuko izaten laguntzen digu, lupuluaren lanaren inguruko hainbat abesti biltzen baititu, Gavilanes de Órbigoko (León) lau emakumeren ahotsak, lupuluaren lorea zuritzeko lanaren protagonistak, baina baita lupulinarekin izandako harremanaren bidez izandako ezagueren eta esperientzien lekuko ere. Izan ere, erakusketaren egileak dioen bezala, "lupulinak munduan egoteko beste modu bat eragiten du. Uste dut logurearen, mingostasunaren eta lanaren, landarearen laborantzaren, erabileraren eta kontsumoaren arteko harreman horrek, ekologia ulertzeko beste modu bat hartzen duela bere baitan".


Cristina Enea Fundazioaren eta Tabakaleraren artean garatutako 'Egonaldia Lurrean' lankidetza-ekimenaren testuinguuan kokatzen da erakusketa, eta Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean egongo da ikusgai abenduaren 1 arte.