Berriak

2018/8/20 Erakusketak

Memoriaren materialtasunaren inguruan hausnartzeko erakusketa

"Uraren memoriak" proiektua, memoriaren materialtasunaren eta honek izan ditzakeen forma anitzen inguruan gogoeta egiteko gonbitea da. Uraren jarioa, denboraren bilakaeraren, ahanzturaren eta memoriaren metafora izanik, ibilbide hau bideratuko duen elementua izango da; memoriaren bestelako ekologiak eraikitzeko ikerketa bat, urak berak, narrazioak eta ametsak sortzeko duen ahalmena aintzat hartuaz.

Ura memoriaren materiatzat jotzen da tradizio eta kontakizun mitiko askotan. Baina zer du bere baitan eta zer erakuts diezaguke uraren memoriak? Monumentu, artxiboetako material edo arkitektura instituzionalen moduan, solidoa al da? Edo, aitzitik, historiaren sedimentazioari aurre egiten al dio?

"Pausuak", proiektu honen baitako lehen ariketa da, eta gure iragan hurbileko aldi historikorik garrantzitsuenetariko bati begira jartzen gaitu: Espainiako Gerra Zibila eta Francoren diktaduraren hastapenari. 

Memoria-ariketa honetan ura izango dugu materia-eroaletzat, munduan bizitzeko ditugun moduen pentsatzea eta bizitzarekiko duen garrantzia azpimarratuaz.
Honen harira, ura, gatazka armatu eta migrazio bideetako elementu nagusi gisara agertzen da. Izan ere, uraren memoriek guda fronteetara garamatzate, baina baita atzeguardiara ere, gerrarekiko bateratasunean jazotzen den egunerokotasunera. Uraren kontrola ziurtatzeko gudetara, etsaien ur hornikuntzen mozketetara, tropen aurreratzeak geldiarazteko suntsitutako zubietara... Ura, halaber gerra-lekua ere bada, mapak, bideak eta guden geopolitika taxutzen dituen elementua. Baina elementu honek, alde egiteko aukerak ere eskaintzen ditu, etorkizun berriak irekiaz, beste munduetara erbesteratzeko bidea da, ihesbidea... 

Erakusketa kolektiboa da honakoa, eta bertan ikus daitezke, besteak beste Teresa Lanceta, Taxio Ardanaz, Miriam Isasi edo Ibon Aranberri bezalako artisten lanak, bai eta material ezberdinak ere: grabazioak, argazkiak, objektuak, idazkunak... Erakusketa honen bidez, egungo gizartean oso presente jarraitzen duen garai historiko baten inguruan memoria egiteko modu hoiengana guztiengana gerturaketa egin ahal izango dute bisitariek.


Erakusketaren irekiera ekitaldia, doakoa eta irekia, ostegun honetan izango da, uztailaren 19an, arratsaldeko 19:00etan Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, Donostian. Erakusketa ikusgai izango da urriak 21 arte.

Beste albisteak

Berrien zerrendara itzuli