Berriak

2016/10/11 Ingurumen Baliabideen Etxea

Mare Collection Gipuzkoa: euskal itsasertzari buruzko irudiak

Ingurumenaren alorrean lan egiten duten elkarteetako profesionalek eta bolondresek beren eguneroko lana aurrera eramaten nahikoa lan izanik, askotan ez dute komunikazio grafikoa modu egokian garatzeko eta edozein argazki erabiltzen dute mezua igortzeko (gehienetan internetetik “lapurtutakoak” izaten dira) edota gaiarekin lotura zuzena ez duten irudiak erabiltzen dituzte (gehienetan kalitate eskasekoak), mezuaren eraginkortasuna eta balio komunikatiboa murriztuz.

Arazo horri erantzuteko sortu da Mare Collection Gipuzkoa egitasmoa, "peer to peer” lizentziapean erabili ahal izango diren egile-eskubiderik gabeko kalitate handiko argazkiak eskaintzeko. Geolokalizatutako argazkiak dira guztiak, beraz erabiltzaile bakoitzak erabakiko du erabilitako argazkien lekua zabaltzea edo ez.

Egitasmoa aurrera eramateko bere sustatzaileak, Asier Pagoaga argazkilari gipuzkoarrak, crowdfunding kanpaina bat jarri du abian finantzazioa lortu eta egitasmoa bere osotasunean garatzeko. Pagoagak azaldu duenez, egitasmoaren helburua da "euskal itsasertzaren balioa handitu eta bere zaintzan lagundu, paisaia-argazkilaritzaren bidez".