Berriak

2020/2/21 LiberaUliako Interpretazio Zentroa

Makina bat hondakin bildu ditugu Uliako putzuetan

Iragan otsailaren 1ean, Hezeguneen Nazioarteko Egunaren ospakizunekin bat eginez, Donostiako Udalak Ulia mendian eginiko putzuak eta bertako altxor ezkutuak ezagutzeko jarduera antolatu zuen Cristina Enea Fundazioak, LIBERA ekimenaren baitan. Putzu horietan bizi diren animalietatik berezienak dira anfibioak, mehatxatuenak baitira, burruntzi eta sorgin-orratzekin batera. Mehatxu horrek arrazoi ugari ditu, baina nagusiena, zalantzarik gabe, hezegune eta putzuen suntsiketa da.

Jarduerak balio izan zigun, alde batetik, animalia horien bizilekuak hobeto ezagutzeko. Eta bestetik, putzuen egoera hobetzeko eta haien garrantziaz jabetzeko. Jardueran parte hartu zuen bolondres-talde baten laguntzarekin, Herri Ametsa Ikastolaren ondoko putzua garbitu genuen, bai eta bertara botatako zabor eta hondakinak jaso eta bildu ere. Gainera, eLitter aplikazioaren bitartez, jasotako hondakinak bereizi eta sailkatu genituen. Aipatu aplikazioa herritarren zientzia garatzeko tresna da, eta gune ezberdinetan -naturan zein hirietan- botatako zabor eta hondakinei buruzko informazioa biltzea ahalbidetzen du.

Tresna hori erabilita, Herri Ametsako putzuaren egoerari buruzko zerrenda egin dugu, bertan aurkitutako zabor eta hondakin mota ezberdinak zerrendatuz. Besteak beste, gurpil bat, 7 etxetresna elektriko, 9 freskagarri-lata eta plastikozko 5 hodi bildu genituen putzuan eta haren inguruetan (zerrenda osoa ikusteko jo lotura honetara).

Ulia Interpretazio Zentroko arduradun Oihana Orkolagaren esanetan, “eLitter aplikazioak oso modu bisualean erakusten dizkigu basoan botatako zaborrak zeintzuk diren eta zer motakoak diren, eta edozein herritarrek erabil dezake bere inguruko naturguneen egoeraren deskribapena egiteko”.