Berriak

2019/10/16 ElkarrizketakErakusketak

Lupulua, Cristina Eneako erakusketa berriaren protagonista

Asteazken honetan, urriaren 16, Mingostasuna: Lupuluaren ekologiak izeneko erakusketa berriak irekiko ditu ateak Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, Cristina Enea Fundazioak eta Tabakalerak antolatutako 'Egonaldia Lurrean' deialdi artistikoaren emaitza gisa. Bertan lupuluaren (Humulus lupulus) irudiaren eta gorputz kulturalaren arrastoak biltzen ditu Susana Cámara Leret artistak (Madril, 1982). Landare horren politikei, estetikei, ekonomiei eta kontsumo-moduei loturiko prozesu eta eskenategi anitzei buruzko ikerkuntza lana da. Indarrean dagoen proiektu honek bere lorea kasik logotipo soil gisa bakarrik finkatzen duen horri buruz galdetzen dio bere buruari, bere ekologiari dagozkien bestelako esparruak isilarazi beharrean, horietan burubelarri barneratuz hain zuzen ere.

Garagardoaren hartzigarriaren trinkotasunaren artean edo gure mingainaren mapan leku bat bilatzean, burbuila bat bere itxurak iradoki dezakeen bezain hauskorra izan daiteke eta, era berean, edozein lotura desegiteko bezain indartsua eta mingostasunez betea. Bi muturren artean ekoizpen prozesuak, lurrarekiko harremanak, lurra populatzeko moduak eta galerak dakartzaten bizitza-eraldaketak ematen dira.

Garagardoaren artisau ekoizpenean eta produkzio industrialean erabilia, lupulua espezie igokaria da. Bere lore emeek oinarrizko olioen nahasketa eta erretxinak dauzkate, elkartuta lupulina deiturikoa. Anbar koloreko, usain bereziko eta zapore mingotseko materia sortzen du nahastura honek. Industriak bere irudi bilakatu du lupuluaren lorea, nahiz eta bere osagaiak antzinatetik ezagunak diren beren ezaugarri erlaxagarriengatik. Lupulinak gizakion nerbio-sistema somatikoan (errezeptoreak eta zentzumen-organoak -azala adibidez- nerbio-sistema zentralarekin lotzen duena) efektu lasaigarria baitu. Nolanahi ere, gizartean loaldi eta esna-aldi egoerak konektatzen dituen katalizatzaile poetikoa ere bada, iragana eta oraina lotzeko gaitasuna duelarik. Ahots ezberdinak galtzen diren egoera aldaketa horretan murgilarazten gaitu, urre berdearen sukar eta kapitalen zirkulazioaren zarataren artean.

Urriaren 18an 18:00etan, eta Cristina Enea Fundazioaren Haziera ekimenarekin elkarlanean, lupuluaren mingostasunaren inguruan doako topaketa irekia egingo da, lekua bete arte, Gipuzkoan duen laborantzaren, tokiko sagardo ekoizpenaren eta garagardoaren gaitasun kolonizatzailearen artean harremanak zirriborratuz. Ekitaldian Marc Badalen (Haziera), Jakoba Errekondoren (Bizibaratzea), Egoitz Zapiainen (Zapiain sagardotegia) eta Gorka Iruretagoienaren (Euskal Lupulo) parte hartuko dute.


Erakusketa ikusgai egongo da Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean urriaren 16tik abenduaren 1 arte (inaugurazio ekitaldia doakoa eta irekia urriaren 14an, 18:00etan Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean).