Berriak

2019/1/17 Ingurumen albisteak

Kutsadura epidemia denean

Osasunaren Mundu Erakundearen azken bi txostenen arabera, airearen kalitatearen kutsadura, besteren tabakoaren kea, ur osasungaiztasuna, saneamendu eza eta garbitasun desegokia bezalako faktoreek ingurunean eragindako egoera osasungaitzaren ondorioz, urtero 5 urtetik beherako 1,7 haur hiltzen dira munduan.

Lehenengo txostenean, Mundu jasangarri baten oinordetza: Haur-osasunaren eta Ingurumenaren Atlasa izenekoan, adierazten da hilabete eta 5 urte arteko haurren artean heriotza gehien eragiten dituzten gaixotasunak -beherakoa, paludismoa eta pneumonia, adibidez- saihestu daitezkela ingurumen-arriskuak murrizten dituzten ekimene bidez, esaterako ur edangarriaren eskuragarritasuna bermatuz edota kozinatzerakoan gutxiago kutsatzen duten erregaiak erabiliz.

Arrazoiak
Beste txostenean berriz, Ez kutsatu nire etorkizuna! Ingurumen-faktoreek haurren osasunean duten eragina izenekoan, ingurumenaren kutsadurak haurren osasunean dituen ondorio nagusien ikuspegia ematen da. Arazoaren garrantzia erakusteko datuen artean, urtero:

  • Bost urtetik beherako 570.000 haur hiltzen dira arnasteko infekzioen ondorioz (besteak beste, pneumonia), espazio itxietako eta irekietako airea eta besteren tabakoaren kea arnasteak eraginda
  • Bost urtetik beherako 361.000 haur hiltzen dira ur garbi, saneamendu eta garbitasun gabeziak eragindako beherakoagatik.
  • Erditzearen ondorengo lehenengo hilabetean 270.000 haur hiltzen dira arrazoi ezberdinengatik –besteak beste behar baino lehenago jaiotzeagatik-. Arazo hori saihestu ahalko litzateke ur edangarriaren eta saneamendu eta garbitasun azpiegituren eskuragarritasuna erraztuz, bai eta airearen kutsadura murriztuz ere.
  • Bost urtetik behera paludismoak jotako 200.000 haurren heriotza saihestu ahalko litzateke ingurumenean ekintzak eginez, esaterako eltxoen haztegi kopurua murriztuz edo ur-depositoak estaliz.
  • Bost urtetik beherako 200.000 haur hiltzen dira ingurumenarekin lotutako nahi gabeko lesio edo traumatismoen ondorioz, pozinduta, erorita edota itota, adibidez.

Sortzen ari diren arrisku berrien adibide dira hondakin elektriko eta elektronikoak (adibidez, erabilitako telefono mugikorrak). Behar bezala birziklatzen ez direnez, toxinen eraginpean jar ditzakete haurrak, gaitasun kognitiboak kaltetuz eta arreta-urritasuna, biriketako lesioak eta minbizia sortuz. Ikerlarien arabera, 2014 eta 2018 artean, %19 egingo du gora gailu elektriko eta elektronikoen hondakin kopuruak, 50 milioi tonara iritsi arte.

 

Irakur ezazu Osasunaren Mundu Erakundearen jatorrizko artikulua osorik.