Berriak

2018/9/6

Klima-aldaketari egokitutako hiriak eraikitzen

Klima-aldaketaren ondorioak, uholden gorakadak eta beroaldi luzeagoak besteak beste, hain urrun ez dagoen etorkizunean hiriek aurre egin beharko dieten erronken artean daude. Epe luzeko neurri prebentiboetan inbertitzearen onurek hirien klimarekiko adaptazioa hobetzen dute, bertako biztanleen bizi-kalitatea handituz.

Europako Ingurumen Agentziak (EEA) 'Urban adaptation to climate change in Europe 2016 - transforming cities in a changing climate' izeneko txostena eman du argitara, non klima-aldaketak hirietan izango duen eragina gutxitzen laguntzeko hirigintza arduradunek eta legegileek har ditzaketen neurrietan sakontzen duen. Klima-aldaketaren ondorioz hiriek aurre egin beharreko aldaketak eta erronka sozio-ekonomikoak azpimarratzen ditu azterketak, bai eta aldaketa horren balizko ondorioak ere. Hiriek adaptazioaren bidean eman ditzaketen urratsak aztertzen ditu eta azpimarratzen du epe laburrera begira harturiko neurriak edo adaptaziorako neurri mailakatuak bakarrik ez direla nahiko izango mehatxu horiek arintzeko.

Azterketak gomendatzen du erronka horri aurre egiteko modurik egokiena dela  klima-aldaketarekiko kalteberatasunaren arrazoi nagusietara bideratutako gerturaketa sistematiko zabalagoa egitea. Hori lor daiteke, besteak beste, hirigintza planifikazio hobea eginez, euri-ur soberakinak gordetzeko berdegune gehiagorekin, edo uholdeguneetan etxebizitza eraikitzea saihestuz. Horrela hiriak leku erakargarriago, klimari egokituak eta jasangarriagoak bilakatuko lirateke.

Klima-aldaketaren alor ezkorrek geroz eta gehiago kolpatuko dituzte Europako hiriak, aurreikusten baita beroaldi garaiak, uholdeak, ur eskasia eta lehorteak bezalako muturreko fenomenoak areagotu egingo direla, bai kopuruan, bai eta kaltegarritasunean ere. Era berean, garapen sozio-ekonomikoaren eta demografikoaren ondorioz hiriak leku kalteberagoak bilaka daitezke eta horrek eragin zuzena izango du hiriko hainbat funtzionaltasunetan, hala nola bere azpiegituretan eta zerbitzuetan, eta energia-horniduran, garraioetan eta ur-horniduran, bertako biztanleen bizi-kalitatean modu ezkorrean eraginez.

Txostenaren arabera 100 hiri inguru, tartean Bartzelona, hasiak dira dagoeneko klima-aldaketarekiko euren kaltegarritasuna aztertzen, eta plan eta estrategiak garatu dituzte, bai eta indarrean jarri ere. Nazio eta eskualde mailatako hainbat gobernuk ere ekin diote adaptaziorako neurriak abian jartzeko lan-esparruak garatzen, eta neurri horien artean daude EBko Adaptaziorako Estrategia eta Klimari eta Energiari lotutako Alkateen Ituna.