Berriak

2019/2/13 Ingurumen albisteak

Klima-aldaketak mehatxatutako zazpi leku harrigarri

Ez dago munduan txokorik klima-aldaketaren ondorioak pairatuko ez dituenik. Bertako ekosistemen garrantziagatik, kultur-aberastasunagatik edota ikuspegi zientifikotik esanguratsuak diren hainbat leku betiko desgertzear egon daitezke inor eragozten ez baldin badu. Leku hoietako batzuk aski ezagunak dira, Venezia edota Stonehenge esaterako, baina badira oso esanguratsuak diren lekuak, galtzeko zorian. Hauek dira beren egunak zenbatuak dituzten tokietako batzuk.

Koral-hesi handia (Australia)
Munduko koral-hesi handiena izateaz gain (400 koral espezie ezberdin biltzen ditu), desagertzear dauden zenbait espezieren bizilekua ere bada (itsas-behia, dortoka berdea). 2.100 km luze da, planetako natur-ikuskizun ikusgarrienetakoa, kalkula ezineko balio zientifikoarekin.

Bere arrisku handiena da koralaren zuritzea, eta egun bere azaleraren %91ri eragiten dio, uraren tenperaturaren aldaketa zakarren ondorioz. Gainera, bere koral-estaldura erdira murriztu da azken 3 hamarkadetan.

Chan Chaneko hondakinak (Peru)
Chimu erreinuaren hiriburu ikusgarria arriskuan dagoen mirari arkeologikoetako bat da. Bere 14 mendetako historia ez da nahikoa izan Itsaso Bareko El Niño fenomeno klimatikoaren erasoari aurre egiteko. Horregatik, Gizateriaren Kultur-Ondarearen zerrendan sartu zuten urte berean Arriskuan dagoen Mundu-Ondarearen zerrendan ere gehitu zuten.

"Munduko buztinezko hiririk handiena" bezala ezaguna, bere jatorrizko zabalera 20 km2-koa zen. Gaur egun 14 km2-koa besterik ez da. Baina dena ez dira albiste txarrak, izan ere arte-lan hau zaintzeko garaturiko lanak txalotu baitut aurten UNESCOk, ezinbestekoak baitira bere kontserbaziorako.

Ililissat fiordoa (Groenlandia)
Izozturiko golko hau desagertzeak Kuaternarioko azken izotz-garaiko klimatologiaren esparruko galera zientifiko handiena eragingo luke. Aparteko artxiboa da, ipar hemisferioko ez beste glaziarrek ez baitu eskaintzen horren informazio luze eta zehatza azken 250.000 urteetako eurite, tenperatura eta glaziologiari buruz.

Bertako harri, izotz eta itsas-paisaia ikusgarriek, etengabe mugitzen ari diren izotz-masek eragindako burrunbarekin batera, natur-ikuskizun zirraragarria eskaintzen dute. Tamalez, berotze globala gehien pairatzen duen lekua da gure planetan, beste lekuetan baino 3 aldiz gehiago.

Praga eta Cesky Krumlov (Txekiar Errepublika)
Bai Txekiako hiribua, bai Praga hegoaldeko hiri hau, klima-aldaketak eragindako kataklismoek mehatxatutako bi adibide dira Europan. 2002ko uholdeek herrialdeko lurrazalaren %40 urpean utzi zituzten, azken 112 urteetako natur-hondamendi handiena bilakatuz.

Moldava ibaiak literalki irentsi zuen Praga erdialdea, Europako historian balio kultural handia zuten eraikinak eta aztarnak irentsiz, estilo gotiko, errenazentista eta barrokoen nahasketa.

Eta aurreikuspenak ez dira baikorrak. Eurite indartsuak biderkatu egin dira pasa den mende amaieratik eta beren maiztasuna handitzea aurreikusten da. Urte batzuk barru, litekeena da altxor arkitektoniko horiek urpean bisitatu behar izatea.

Lurmuturreko lore-eremua (Hegoafrika)
Hainbat parke nazional eta natura-erreserba biltzen dituen leku hau planetako aberastasun handienetakoa duen gunea da. Afrikako espezieen %20 bertan aurki daitezke, kontinentearen azaleraren %5 besterik ez bada ere.

Izugarri ederra izanik, munduko sei lore-erresumetako bat da. Nolanahi eretenperaturaren gorakada globalak eta suteek arriskuan jarri dute lore-bioaniztasun paradisu hau. Izan ere, datozen 50 urteetan landareen erdia desagertzea aurreikusten da.

Sundarbanseko mangladia (India eta Bangladesh)
Planetako mangladi-baso handienatzat hartua, 10.000 km2 lur eta urez osatua, bere ingurumen-garrantzia 3 alderditan kokatzen da: bertako bioaniztasun handia (260 animalia espezie daude, horietatik batzuk mehatxatuak Bengalako tigrea edo pitoi indiarra bezala); urakan tropikalei aurre egiteko natur-babes eraginkorrena da; eta azkenik, ur gazi eta gezen arteko iragazkia da.

Bere arriskurik handiena itsaso-mailaren gorakada da, deltetan urak gainezka egitea eta kostaldearen higadura eragiten baitu. Aldaketa horiek uraren gazitasun mailari eragiten diote (gero eta handiagoa da), bai eta lurraren azidifikazioari ere (mareen arabera mugitzen diren ur-beso luze, urmael eta uharteen heriotza-epaia izanik).

Altaiko urrezko mendiak (Siberia)
Urrezkoak direla esan arren, munduko txoko ikusgarri hau zuriz estalia egon ohi da bertan izaten diren elurteen ondorioz. 1.600.000 ha-ko azalerarekin, geologia, klima, flora eta fauna esparruetako planetako adibide konpletoena da mendikatea, elurretako lehoinabarraren azken gordelekua izanik.

Kulturalki herri nomada zen eszitiar kulturaren lekuko bakarra da (KA 1.000). Herri horri buruzko ziurtasuna beren ehorzlekuek ematen digute, baina gaur egun tenperaturaren gorakadaren ondorioz galtzear daude. Azken 100 urteetan bertako tenperaturak 2 gradu egin du gora eta horri glaziarren urtzaldiek eragindako uholdeak gehitzen badizkiogu, bisitariaren arnasa eteten duen estepetako harribitxi hau arrisku larrian kokatzen da.


Jatorrizko albistea El Mundo-ko Futuro Sostenible atarian argitaratua 2017ko irailean eta Andrea Velascok idatzia.