Berriak

2019/2/7 Ingurumen albisteak

Klima aldaketak haritzari baino kalte handiagoa egiten dio pagoari

Madrileko Unibertsitate Politeknikoko eta beste zenbait zentrotako ikerlariek eginiko ikerketa batek aztertu nahi izan du nola eragiten dion klima-aldaketak Espainiako basoen dinamika naturalari, eta haritzaren eta pagoaren arteko lehiari. "Gure emaitzen arabera klima-aldaketak pagoa haritza baino gehiago kaltetuko du", adierazi du Álvaro Rubio ikerlariak, eta gaineratu du komenigarria dela "haritz eta pago baso-mixtoetan kudeaketa aktiboa egitea, baldintza klimatiko berrietara hobeto egokituta dagoen haritzaren kanporatzea saihesteko". Ikerketan Europako Mendietako Parke Nazionaleko 800 hektareatan kokatutako pago eta haritz baso mixtoak aztertu dira.

Ondorioak ‘Forest Ecology and Management’ aldizkarian argitaratu dira, eta diote haritzak hobeto hartu duela egungo tenperatura gorakada, egokitzeko duen gaitasunagatik, "pagoarekiko lehiakortasunean bere gaitasunaren hobekuntza" eraginez.

Haritza pagoa baino hobeto hazten diren garaiak hazten joan dira XX. mendean zehar, batik bat 1970etik aurrera, tenperaturek eta prezipitazioek izandako aldaketekin. Gainera, XXI. menderako proiekzioek diote "garai honetan handitu egingo dela haritzak pagoarekiko duen abantaila hori".

Pagoa azken glaziazio garaitik hedapenean dago. Bere garapenaren lehenengo faseetan itzalean hazi beharra dauka, eta horregatik beste zuhaitzen adaburuen azpian hedatzen da. Itzalarekiko duen tolerantziak, bai eta hazi kopuru handiak ekoizteko duen gaitasunak, "beretzat konpetentzia diren hainbat espezie ordezkatzea eragiten du", adierazi du Rubiok.

Haritz kandugabearen banaketa geografikoa eta pagoarena oso antzekoak dira, eta ondorioz baso mixtoetan elkarrekin bizi ohi dira. "Haritzak pagoak baino okerrago onartzen du itzala eta hazi kopuru txikiagoa ekoizten du; ondorioz garaiera txikiagoetako lekuetara alboratua izan ohi da, lurzoru kaxkarragoekin eta basoen ertzetara. Nolanahi ere, iraunkorragoa da eta lehorteetara eta tenperatura altuetara egokitzeko gaitasun handiagoa du".

"Klima-aldaketak pagoaren nagusitasuna murriztu eta haritzaren lehiakortasun gaitasuna hobetu lezake? Horretarako teknika dendroekologikoak erabili ditugu, zuhaitzen hazkunde-eraztunak neurtzen dituztenak, klimarekiko duten lehiakortasun-gaitasuna berreraikitzeko", azaldu du ikerlariak.

98 partzela inbentariatu ziren eta horietan espezie bakoitzaren lagunak atra ziren. Eraztun bakoitzaren tamaina neurtu zen 0,01 milimetroko zehaztasunarekin. Hortik aurrera "lehiakortasun abantaila" zehazten zuen adierazle bat eraiki zen, haritza pagoa baino hobeto edo okerrago hazten den garaiak neurtzeko.

Ondoren adierazle horren eta klimaren arteko erlazioa ikertu zen, XXI. menderako dauden aurreikuspen klimatikoen araberako proiekzioa egiteko.