Berriak

2020/11/12 Cristina Enea Fundazioa

Kleos Cristina Enea: ibilbide botaniko-musikal birtuala parkean zehar

Kleos Cristina Enea, Nomad Garden, Antropoloops eta Datrikesek garatua, proposamen bat da, "inguratzen gaituzten landareen kanpoko memoria entzuteko eta parkean zehar paseatuz elkarrekin ehuntzeko". Izendatutako eta lokalizatutako espezie bakoitzak "bere jatorrizko eremu geografikoko musika tradizionalaren zati bat" du lotuta, aktibatu eta bolumenez handitzen dena bertara hurbildu ahala.

Aplikazioaren arduradunen arabera (gaur aurkeztu da Tabakaleran Kultura eta Herritartasunaren VI. Topaketan), nork bere mugimenduarekin interpreta dezakeen obra ireki hau osatzeko "78rpm-ko diskoetan jasotako euskal kantu herrikoien grabazioen zatiak erabili dira, munduko hainbat tokitan argizarizko zilindroetan egindako folklorearen lehen soinu-erregistroen zatiekin ehunduta". Bere erregistro-euskarriaren materialtasuna erakusten duen soinu-oinarri horren gainean, "espezie botanikoen jatorrizko lekuetan XX. mendean zehar grabatutako adierazpen tradizionaletako beste pieza batzuk" artikulatzen dira.

Memoria eta pasarte horiek Tabakalera eta Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxea lotzen dituen joan-etorriko ibilbide batean antolatzen dira. Bertan, landareak "ahots-koru gisa aritzen dira, pertsonek beren ibilbidearekin nahas ditzaketenak". Distantziak markatutako udazken arrotz honetan, "iraganetik aurrera, orainean aurkitzeko eta etorkizunera begira elkarrekin bizitzeko" osatu dute lana, arduradunek azaldu dutenez, zeintzuek antzeko proiektuak garatu dituzten Sevillako Real Alcazarren, Las Palmaseko Doramas Lorategian edota Veneziako biurtekoko lorategian, besteak beste. "Gonbidapen bat da", gaineratu dute, "aniztasunetik abiatuta elkarrekin aurrera egiteko beharraz hausnartzeko, gure presentzia partekatuen aurrean arreta eta emozio egoera sortuz".


Hemendik sar zaitezke proiektuaren webgunean, eta deskargatu gailu mugikorretarako aplikazioa hemendik (Android) eta hemendik (iOS).