Berriak

2019/8/29 Ingurumen albisteak

Karbono-aztarna eta gure inpaktua ingurumenean

Dena neur daiteke eta errealitatea ezagutu eta haren jarraipena egiteko balio digu. Ildo horretatik, egiten ohi ditugun gauzak ingurumen globalean duten eragina ezagutzea, posible al da? Erantzuna baiezkoa da, eta hura ezagutzeko erreminta karbono-aztarna deitzen dena da.

Produktu bat fabrikatzean edota eguneroko bizitzako jardueretan gizakiak sortzen dituen berotegi-efektuko gasen kopurua da karbono-aztarna. Berotegi-efektuko gas horiek dira, besteak beste, Lurraren berotzearen eragileak eta gure eguneroko bizitzan egiten ditugun ohiko jarduera gehienetan sortzen dira. Labur bilduz, gure planetan sortzen dugun ingurumen-inpaktua da eta isuritako CO2 tonatan neurtzen da.

Hondartzan oinez goazenean gertatzen den bezala, denok uzten dugu gure aztarna, baina aztarnaren tamaina ez da bera, aldatu egiten baita bakoitzak kontsumitzen dugunaren eta dauzkagun ohituren arabera. Elikadurak, egiten ditugun erosketak, hirian joan-etorrietarako aukeratzen dugun garraiobideak, gure energia-kontsumoak, denak dauka eragina eta uzten dugun aztarna hori handiagoa edo txikiagoa izango da.

Produktu bati dagokionez, haren karbono-aztarna ezagutzeko produktuaren bizi-prozesu osoa aztertu behar da: produktua fabrikatzeko erabilitako lehengaiak, haien jatorria eta behar izan duten garraioa, produktuaren erabilera eta kontsumoak, eta hondakin gisa izan duen kudeaketa.

Oso jasangarriak ez diren jarduerak kontrolatzeko kalkulu-tresnak
Baina, nola txerta dezakegu horren analisi konplexua gure egunerokoan? Nola jakin dezakegu egiten duguna, kontsumitzen duguna zenbateraino den jasangarria? Kasu honetan ere, matematikak baliagarri ditugu, karbono-aztarnaren kalkulagailuak erabilita, hain zuzen.

Badira, esaterako, kalkulagailuak enpresa eta erakundeentzat, beraien aztarna noraino iristen den ezagutzen laguntzen dienak. Eta horietako bat da, hain zuzen, Ihobe sozietate publikoak duena. Erreminta hori, izen soziala edo instalazioak Euskal Autonomia Erkidegoan dituzten erakunde publiko eta pribatuentzat da, daukaten karbono-aztarna kalkulatu nahi dutenentzat, alegia, eta “Klima-aldaketarekin lotutako ekimen boluntario” gisa, ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroan, baita Karbono-aztarnaren Espainiako Erregistroan ere, inskribatu ahal izateko.

Sarean badira eskuragarri beste erreminta batzuk ere, gure jardueraren aztarna pertsonala modu sinpleago batean aztertzeko. Horietako bat da, esaterako, Carbon FootPrint enpresa britainiarrak garatutako kalkulagailua, zeinari esker badakigun Bilbotik Londresera turista klasean bidaiatzen duen pertsona batek 0,16 CO2 tona isurtzen dituela atmosferara. Edota bere autoan hilean 1.000 km egiten dituen batek 24 CO2 tona isurtzen dituela.

Gure jardueraren karbono-aztarna aztertu eta ezagutzea eta hartaz jabetzea da aztarna murrizteko lehen urratsa eta gure planeta zaindu eta babesteko, modu pertsonal eta aktiboan, etorkizuneko belaunaldientzat.


Iturria: Udalsarea21