Berriak

2018/4/20 Agora K2050

Jesús Alquézar: "Klima-aldaketaren aurka borrokatzea eguneroko borroka bat da"

Cristina Enea Fundazioak, Donostiako Udalak eta San Telmo Museoak klima-aldaketari eskainitako Agora K2050 hitzaldi sortaren baitan, hiru hizlariren arteko solasaldi interesgarria izango da datorren asteazkenean, apirilak 25, San Telmo Museoan. María José Sanz (BC3. Basque Centre for Climate Change), Antxon Olabe (ekonomilaria) eta Jesús Alquézar (Europar Batzordeko aditua) izango dira hizlariak. Azken honekin solasalditxoa izan dugu klima-aldaketak jartzen dizkigun erronkei buruz, bai eta aktuazio-maila ezberdinetatik hartzen ari diren neurriei eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko herritarrok ditugun aukerei buruz.

Zer estrategia eta politika ari dira onartzen Europan klima-aldaketari aurre egiteko?
Europar Batasunak paper garrantzitsua izan du Paris-COP21eko Akordiora iristeko, klima-aldaketaren helburu globalak zehazten dituena alegia. EB-k IPCC Klima-Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldea finantzatzen du, bai eta Pariseko Akordioaren oinarri zientifikoa diren hainbat ikerketa ere. Gainera, EB ezinbestekoa izan zen negoziazioetan eta COP21eko helburuak bere politiken zati bat dira, Energiaren Batasuna edo Ekonomia Zirkularra bezalako estrategiekin. Praktikan, Europar Batasunak energia berriztagarriaren kontsumoaren (%20 2020rako, litekeena %27 edo gehiago 2030erako, Energia Berriztagarrien Zuzentarau berriaren egungo negoziazioek hartzen duten norabidearen arabera) eta energia eraginkortasunaren helburuak zehaztu ditu (%20ko aurreztea 2020rako), energia garbiaren eta birziklaketaren inguruan aldeko legedia ezartzen du, ikerkuntza eta berrikuntzako egitasmoak finantzatzen ditu, azpiegitura garbientzako laguntzak eman...

Herrialde bakoitzeko errealitatea desberdina izan ohi da. Zeintzuk dira Kide diren Herrialden arteko desberdintasun nagusiak?
Desberdintasun handiak daude, bai. Adostasun orokor bat egon badago klima-aldaketaren ondorioak arintzeko ikatza eta bestelako erregai fosilen kontsumoarekin amaitzearen beharrari buruz. Nolanahi ere, europar legediak estatu bakoitzari uzten dio bere mix energetikoa aukeratzen, eta ikatz asko (beren kontsumoaren erdia baino gehiago ere) eta energia berriztagarri gutxi erabiltzen dituzten herrialdeen kasuak ikusten ditugu. Maila politikoan ere, eta Europako adostasunetik haratago, Kide diren zenbait Herrialde mesfidati dira trantsizio energetikoaren alde neurriak hartzearen inguruan, eta karbono gutxiko ekonomia baterantz pausoak ematearen inguruan. Hori ikusten da, esaterako, Energia Berriztagarriei buruzko Zuzentarau berriaren egungo negoziazioetan, non Batzordearen jarrera, alegia, Kide diren Herrialdeena, ez da Europar Parlamentukoa edo Batzordekoa bezain anbiziotsua.

Herritarrek badute gaitasunik klima-aldaketaren efektuak arintzen laguntzeko gobernu eta enpresek hartzen dituzten neurrietan eragiteko?
Herritarren partehartzea ezinbestekoa da. Lehenik eta behin, gure eguneroko ohituretan, "kalte gutxien egiten dituzten energia eta baliabideak dira erabiltzen ez direnak" printzipioa oinarri hartuz. Energiaz egiten dugun erabileran eraginkorragoak izan gaitezke, adibidez gure etxea ongi isolatuz, bizikleta erabiliz autoaren ordez, argia edo ordenagailua itzaliz ez ditugunean erabiltzen, produktuak berrerabiliz eta birziklatuz, beharrezkoak ez diren plastikozko ontziak saihestuz etab. Gutxi gora behera gure amonek egiten zutena "aurrezteko". Eta hori guztia gure bizi kalitatea jaitsi gabe.

Herritar gisa trantsizioa arindu dezakegu baita ere "gure diru-zorroarekin". Eurostatek berriki eginiko inkesta baten arabera, ingurumen-onurak (edo eko-berrikuntzak) garatzeko eta egiteko enpresek aipatu duten arrazoi nagusia da enpresaren erreputazioa; ondoren legedia aipatzen dute eta jarraian energiaren eta lehengaien kostuak. Horrek erakusten du enpresek ekologikoak eta iritzi publikoaren eta bezeroen aurrean arduratsuak izan nahi dutela, edo itxura hori eman nahi dutela. Askotan horrek "greenwashing" eramaten ditu enpresak (adibidez, logoaren kolorea aldatuz, McDonald's-ek bezala), baina hori bera jada eredu ekonomikoa aldatzeko herritarrek duten boterea erakusten duen aurrerapauso bat da.

Herritarrek presioari euts diezaiokete (eta eutsi behar diote) erakunde publikoen aurrean, askotan herritarren bultzada bat behar izaten baitute neurri zorrotzak eta eraginkorrak hartzeko, intentzio onen diskurtsoetatik haratago. Ez ahaztu datorren urtean hauteskunde europarrak daudela. Gure politikariek Europako Parlamentuan (edo gure Gobernuek Batzordean) zer jarrera hartu duten gogora lezakegu, eta horren araberako botoa eman, bakoitzak arazo hauei ematen diegun garrantziaren etikaren arabera.

Herritarren paperaren inguruan, Mélanie Laurentek zuzendutako 'Demain' filma ekarriko nuke gogora, ekintza txikiek eta jarrera xumeek gauzak alda ditzaketela erakusten duelako. Laburbilduz, klima-aldaketaren aurka borrokatzea eguneroko borroka bat da.


Hitzaldia apirilaren 25ean izango da, asteazkena, 19:00etan San Telmo Museoa. Sarrera librea eta doakoa lekua bete arte.