Berriak

2017/6/21 Cristina Enea Fundazioa

Iritsi da Cristina Enea Fundazioaren udako agenda

Gaur ekainak 21, goizeko 6:24an hasi da uda ipar hemisferioan, eta berarekin batera iritsi da Cristina Enea Fundazioko udako agenda ere. Mota guztietako jendeari zuzendutako jarduera sorta batek beteko ditu udako egun eta gauak Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, Ulia Interpretazio Zentroan eta Urgulleko Natur Txokoan.

Udako eguraldi onarekin eta beroarekin aire irekiaz gozatzeko are gogo gehiago izan ohi dugu. Eta horrexegatik, aurreko urteetan bezala, Cristina Enea Fundaziotik eta Tabakaleratik Cristina Eneako aire zabaleko zinemaldia programatuko dugu beste urte batez. Parkean Uda-gau bateko ametsa antzezlanak iaz izan zuen arrakasta ikusita, DSS2016 hiriburutzaren ospakizunen baitan egin zena, gaueko parkea komedia horrentzat eskenatoki bilakatu nahi dugu berriro ere. Udako lau gau izango dira (uztailak 4, 5, 6 eta 7, 22:30ean) William Shakespeareren klasiko horren moldaketa zinematografikoez gozatzeko (batzuk oso egokitzapen literalak, beste batzuk libreki inspiratuak).

Udak 3 erakusketa berri ere ekarriko dizkigu ingurumen baliabideen etxera, egunotan ikusgai dagoen Urumea bizi erakusketaz gain: Errebelazioak, Iberiar hegazti sarraskijaleak eta Begirada kontzienteak. Lehenengoan 'Ibaia ez da toki bat' laborategiaren aurtengo edizioan Urumea ibaiari hurbiltzeko sortutako lan eta prozesu artistikoen bilduma kuttun bat aurkezten dugu, Lurdes R. Bassolí eta Jon Cazenave argazkilariek zuzendutako tailerretako emaitzak alegia. Bigarren erakusketak Ramón Arambarri eta Mario Bregaña argazkilarien lana biltzen du, eta mendi garaietako eta eremu bakartietako ikur diren espezie sarraskijaleen alor eder eta misteriotsuenak jarriko ditu ikusgai; azkenik, 'Begirada kontzienteak' erakusketak benetan garrantzitsua denaren gainetik (pertsonak, bizitza, ingurumena) merkatuaren arauak, dirua eta kodizia lehenesten duen gure mundu honen inguruan hausnartzeko gonbidapena egingo digu.

Ulia Interpretazio Zentroa
Uliatik egitarauak XX. mende hasierako Ulia mendiko atrakzio ikusgarrienetako batera gerturatuko gaitu: Uliako aire-transbordadorea, Uliako bi tontor lotzen zituen ingeniaritza-altxor bat. Argazki-erakusketa batek eta transbordadorearen maketa motordun batek, Gonzalo Martínezek egina, aurreko mende hasierara garraiatuko gaitu, Uliako belle époque-ra, non garraio mota berezi horrek donostiarrak eta bisitariak liluratu zituen.

Ulian baita ere Joseba parronek zuzendutako argazkilaritza-tailer bat egiteko aukera izango da. Paisaia argazkilaritzaren ikuspegi orokor bat ezagutzeko aukera izango dugu, arlo honetan esperientziarik gabeko pertsonentzat abiapuntu eta dagoeneko paisaia landu dutenentzat bide berrien esploraziorako inspirazio iturri izanik.

Urgulleko Natur Txokoa
Urtero bezala, Natur Txokoak ateak irekiko ditu berriz uda garaian, Urgull bezalako ingurumen-aberastasun handia duen kokagune historikoan. Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra irekita egongo den Natur Txokotik naturarekiko errespetua sustatzen da, haur eta gazteei zuzendutako aisialdiko jarduera didaktikoen bidez.

Horrela, Natur Txokoa astelehenetik igandera egongo da irekita 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara, eskulanak eta joku dibertigarriak egin nahi dituzten bisitarientzat. Gainera, astearte eta asteazken guztietan jarduera bereziak izango dira arratsaldeko 18:00etatik aurrera.

Cristina Enea Fundazioko agenda guztiek bezala, oraingo honek ere oso aitabitxi berezia dauka. Berriki zendu den Josetxo Mayorri omenaldi xume baina sentitua eskaini nahi izan diogu. Josetxok bere bizitzako 30 urte baino gehiago eskaini zituen Uliako bide eta bidexkak zaintzen eta txukuntzen. Bere lanari ia baliabiderik gabe ekin zion, eskura zuena lan tresna bezala moldatuz eta ia ezkutuan, arlo horretan esperientzia eta formakuntzarik gabe, hargin lanak eginez. Uliatik pasatzen den edonork Josetxoren lanaren aztarnak ikusiko ditu, bere esfortzua eta ilusioa, bertako bide eta bidezidorretan. Eta kontatu zigun lan hori guztia hartu zuela bertatik ibiltzen ziren "mendizaleek nola gozatuko zuten pentsatuz".


Jarduera hauez guztiez gain, Cristina Eneako udako agendak hitzaldiak, irteerak, tailerrak eta bestelako hainbat ekintza ere programatzen ditu. Kontsultatu itzazu albiste honek atxikituta duen dokumentuan.

Beste albisteak

Berrien zerrendara itzuli