Berriak

2017/12/7 Ingurumen albisteak

Ingurumena babesteko tokiko neurriak kaltegarriak izan daitezke beste ekosistema baterako

Toki batean ingurumenaren alde hartutako neurriak kaltegarriak izan daitezke urrutiko beste toki batzuentzat. Kalte horiek, beraz, aintzat hartu beharko lirateke lekuan lekuko neurriak proposatzerakoan. Ondorio horietara iritsi dira klima-aldaketa ikertzen duten hainbat aditu, tartean, klima aldaketa ikertzeko BC3 zentroko Unai Pascual eta Eneko Garmendia.

Hain zuzen ere, nazioarteko beste ikertzaile batzuekin batera, lekuko ekosistemak babestearen eraginez sortzen diren kanpoko presio horiek aztertu dituzte, eta Environmental Research Letters aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak eta ondorioak (irakurri artikulo osoa -jatorrizkoa ingelesez-).

BC3ko ikertzaileen esanean, askotan gertatzen dira horrelakoak, adibidez, Europako arrain-populazioak eta basoak berreskuratu ahal izateko, Afrikako uretan egiten den arrantzaren gaineko presioa eta oihan tropikaletako deforestazioa areagotu egin dira. Gainera, inguru haietako populazioak ere pairatzen ditu horren ondorioak.

Ikerketak agerian utzi du urrutiko ondorio kaltegarri horiek ez direla aintzat hartzen lekuan lekuko politikak ezartzean, eta horrek garapen jasangarriaren helburuak arriskuan jartzen dituela ondorioztatu dute ikertzaileek. Hala, zenbait bide iradoki dituzte bai zientzialariek bai erabakiak hartzen dituztenek aintzat har ditzaten urrutiko ondorioak, Pascualen hitzetan, “globalki pentsatu eta tokian ekin” ideiari jarraituz.


Jatorrizko albistea Elhuyar aldizkarian argitaratua, Ana Galarragak idatzia.

Arg. Riau/CC-BY-SA

Beste albisteak

Berrien zerrendara itzuli