Berriak

2017/12/12 Elkarrizketak

Ignasi Puig: "Hondakinen sorreran zentzua edukiko luke bidezko fiskalitate bat ezartzeak, uraren eta energiaren kontsumoarekin egiten den bezala"

Abenduaren 20an , asteazkena (19:00, San Telmo Museoa), Ignasi Puig-ek hitzaldi interesgarria eskainiko du guztion konpromisoa den hondakinen udal-kudeaketari buruz. Cristina Enea Fundazioak, Donostiako Udalak eta San Telmo Museoak klima aldaketari buruz elkarlanean antolatutako Agora K2050 hitzaldi-sortaren baitan kokatzen da solasaldia. Puig Ingurumen Zientzietan doktore da, bai eta aditu ere udal-hondakinen kudeaketa prebentiboan eta ingurumen politika ekonomikoetan, hondakinen, klima-aldaketaren, energiaren kudeaketaren edota natur-ondarearen kontserbazioaren esparruetan aplikatua.

Hitzaldiak balioko du aurkezteko hondakinen kudeaketaren egoera, Europako joerak (helburu berriak), hondakinak prebenitzeko tokiko aukerak, bai eta hondakinak biltzeko eredu ezberdinei buruz hitz egin eta kostu eta pizgarrien gaia ikutzeko ere. Elkarrizketa honetan Ignasi Puig-ek dio "ez dela existitzen hondakinak biltzeko eredu ideala, eredu bat edo beste aukeratzea gizarteari, hirigintzari, ekonomiari eta politikari lotutako faktore ugariren araberakoa baita" eta gaineratzen du logikoena litzatekeela "hondakinen sorrerari bidezko fiskalitate bat ezartzea", uraren edo energiaren kontsumoarekin egiten den bezala.

Ekonomia zirkularra izan daiteke hondakinen sorrera minimizatzeko eredu egokia baina, irakurri dizugunaren arabera, oraindik "linealtasun hori kurbatzen" hasi besterik ez gara egin. Lan asko al dugu oraindik aurretik?
Ia dena egiteke dago oraindik. Laster izango ditugu 2030erako Europar Batasunak uda-hondakinen birziklaketaren inguruan ezarritako helburu berriak. eztabaidaren erdian dauden helburu anbiziotsuenek ere hondakinen %70eko birziklatzea aipatzen dute. Horrek esan nahi du gainontzeko %30ak zirkulotik ihes egiten jarraituko duela. Gainera bestelako hondakin mota batzuk daude (industrialak, isuri atmosferikoak...). Pentsa dezagun sistema ekonomikoan sartzen diren materialen kopuru handi bat material energetikoak direla (petrolioa, gas naturala, ikatza, etab.), eta horiek guztiak ez dira birziklagarriak, beraz ekonomia zirkularraren kontzeptuak gutxienez %100 berriztagarria den sistema ekonomiko bat exijitzen du.

Etxeko hondakinen sorreran badirudi sistemak edo administrazioak tarifa lauaren eredua sustatzen duela (uraren edo energiaren kontsumoarekin ez bezala). Batzuek uste dute beharrezkoa dela hondakinen sorrerari bidezko fiskalitate bat ezartzea. Prest al dago gizartea urrats hori emateko?
Bitxia da, zeren eta hondakinekin egiten dugu ia beste ezerekin egiten ez duguna egiten dugu: tarifa lauaren eredua ezarri. Egiten duzuna egiten duzula ere, gutxi edo asko sortzen baduzu, asko edo gutxi birziklatzen baduzu, berdin ordaintzen duzu. Horrek ez dauka zentzurik eta gizartearen gehiengo bat prest egon beharko litzateke bidezkoagoa den sistema bat ezartzeko. Baina eredu hori gainditzeak hondakinen zenbagailu bat edukitzea exijituko luke, hondakinak botatzerako garaian nolabaiteko kontrola pasako lukeena, izan atez-ateko bilketa eredu batean, izan edukiontzi itxietan eta erabiltzailearen identifikazioan oinarritutako eredu batean. Eta horrek, hain ondo ikusia ez egoteaz gain, gutxieneko logistika gehigarria beharko luke.

Bada hondakinak biltzeko sistema perfekturik? Edo zer irizpideren arabera ezartzen da eredu bat hobeto edo okerrago? Hiriaren neurriaren arabera, gizartea motaren arabera, baliabide ekonomikoen arabera...?
Ez da existitzen hondakinak biltzeko eredu ideala, eredu bat edo beste aukeratzea gizarteari, hirigintzari, ekonomiari eta politikari lotutako faktore ugariren araberakoa baita. Niri pertsonalki atez-ateko gaikako bilketa eredua gustatzen zait, Europan eta Katalunian oso ohikoa dena, Gipuzkoan horri buruz hitz egitea 'arrisku-kirola' dela dakidan arren... Hala ere onartzen dut potentzialki beste eredu batzurekin ingurumen-emaitza onak lor daitezkeela. Izan ere, Euskadin horren adibide onenetako batzuk daude. Uste dut azkenean garrantzitsua dela bertako baldintzak kontuan edukitzea eta alderdikeriak alboratzen saiatzea. Arrazoiren bategatik, hondakinen esparruak mezu demagogikoetarako joera du bereziki, eta horrek ez du batere lagundu kudeaketa egokiago baterantz aurrerapausoak ematen.


Ignasi Puig-ek "La gestión municipal de residuos, un compromiso colectivo" izeneko hitzaldia eskainiko du abenduaren 20an, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan, San Telmo Museoan.

Beste albisteak

Berrien zerrendara itzuli