Berriak

2019/11/5 ElkarrizketakUliako Interpretazio Zentroa

Ibon Goikoetxea (GOT): "Europa iparraldean oso hedatua dagoen kirola da orientazioa, txiki-txikitatik hezkuntza sisteman barneratuta"

Datorren azaroak 16an, Cristina Enea Fundazioak eta GOT-ek (Gipuzkoako Orientazio Taldea) orientazio kirola ezagutzera emateko ikastaroa antolatu dute Ulia Interpretazio Zentroan. Jarduera hau oso ezaguna da Europa iparraldeko herrialdeetan eta poliki-poliki gure artean sartzen ari da. Kirol hau ezagutzeko aukera ezin-hobea izango da.

GOT-eko ordezkari Ibon Goikoetxearekin aritu gara solasean kirol hau aurkeztu eta azaroaren 16ko jarduera zertan datzan azal diezagun.

Zer da orientazio kirola?
Orientazio kirola, mapa eta iparorratzaren laguntzarekin toki batetik bestera mugitzean datza. Horretarako mapan kontrol puntuak zein diren adierazten da eta haietatik igaro beharra dago. Lehia edo kirol moduan, edo jolas bezala egin daiteke. 

Gurean kirol ezezaguna bada ere, Europa iparraldean oso hedatua dagoen kirola da, eta txiki-txikitatik hezkuntza sisteman barneratuta dagoen kirol bat da. Normalean oinez edo korrika egiten den kirola bada ere, bizikletan, eskiekin eta eta multi-abentura formatuan ere egin daiteke. Eta hasiera batean maila fisiko izugarria beharrezkoa dela uste bada ere, ez da horrela, lehenengo pentsatu eta ondoren korri (nahi bada) egin behar da kirol honetan, baina beti ere zure  burua non dagoen argi duzularik.

Zer behar da praktikatzeko?
Orientazio kirola egiteko ez da gauza haundirik behar, naturan ibiltzeko jantzi eta oinetako egokiak izan eta proba bakoitzean ezberdina izango den ezinbesteko mapa nahikoak dira. Oinarri horretatik abiatuta, norberaren orientatzen jakiteko dohainak, orientazio mapetako sinbolo eta koloreak egoki interpretatzen jakitea eta iparorratza erabiltzen jakitea, mendian edo hirian orientazio proba batean hobeto orientatzen laguntzeko baliabide gehigarriak lirateke.

Ze aukera daude Gipuzkoan kirol hau praktikatzeko?
Zorionez, Gipuzkoan pixkanaka pixkanaka orientazio kirola praktikatzeko aukerak dezente ugaritu dira azken urteotan. Batetik Gipuzkoako Orientazio Liga (GOL) herrikoia dago, 2020. urtean V. ligaxkari ekingo zaio, eta urtean zehar Gipuzkoako lurraldean zehar ospatzen diren 6 probek osatzen dute. Proba hauetan, 3 orientazio ibilbide izaten dira, horia, umeekin egiteko pentsatutakoak, laranja, orientazio kirolean trebatu nahi duenarentzat, eta gorria, orientazio kirola egiten duenarentzat.

Horretaz gain, Gipuzkoako lurraldean barrena orientazio ibilbide iraunkorrak egin dira, eta horrela Zegaman, Listorretan (Errenterian), Santa Barbaran (Urretxun), Iturraranen (Aian) edo Ulian (Donostian) norberak nahi duenean eta nahi duen moduan orientazio kirola praktika dezake. Ulian adibidez, zailtasun ezberdineko orientazio ibilbideak daude eta mapak Ulia Interpretazio Zentroan daude eskuragarri (eta laster Cristina Enea Fundazioaren webgunean ere).

Bestalde, Gipuzkoako ikastetxe, elkarte  edo norbanakoentzako ere, bere kasa, orientazio proba bat antolatu nahiko balu, hainbat mapa txiki eskuragarri daude nahi duenarentzat GOT -eko web orrian. Orientazio Tx-O-koak deiturikoak: gotorientazioa.org/tx-o-koak/.

Azaroaren 16an Ulian antolatu duzue jarduera bat. Zertan datza eta nori egongo da zuzenduta?
Orientazio kirola ezagutu duten askok, kirol honen ezagutzan sakontzeko ikastaroengatik sarritan galdetzen dute. Beste batzuk, ez dira animatzen parte hartzera ez dutelako inoiz orientazio proba batean parte hartu. Horiei zuzendutako oinarrizko ikastaro teoriko-praktiko bat izango da. Orientazio kirola egiteko ez da maila fisiko izugarririk behar, ezta orientazio dohain berezirik ere. Hortaz, kirol ezezagun hau ezagutu nahi duenak ikastaro trinko polit bat izango du datorren azaroak 16an (jarduera euskaraz izango da, izen-emateak hemen), eta horretarako Uliako inguruak paregabeak dira gainera!

Goizean pare bat orduz, ikastaro teoriko bat izango da Ulia Interpretazio Zentroan. Orientazio mapa baten ezaugarriak zein diren azaldu, koloreak, sinboloak etab.... Orientazio probetako arauak eta oinarriak ezagutu, eta iparorratzaren oinarri teorikoak aurkeztuko dira. Goiza amaitzeko ariketa praktiko txiki bat egingo da. Ondoren arratsaldean, orientazio ibilbide ezberdinak egingo dira, norberak nola moldatzen den ikus dezan.