Berriak

2020/1/21 Proiektuak

'Hondar 2050' dokumentala Greenpeace International Film Festival sarietarako izendatu dute

2020 urtea ondo hasi da Cesare Maglioni errealizadorearentzat. Bere Hondar 2050. Gure hondakina, gure arazoa dokumentala (Cristina Enea Fundazioak diruz lagundutakoa), 2018an euskal kostaldean filmatua, ziurrenik gaur egun ingurumen arloko gaiei eskainitako festibal garrantzitsuena den Greenpeace International Film Festival-eko sarietarako izendatu baitute; dokumentala, gainera, lehiatuko den euskal lan bakarra izango da. Hautatutako film guztiak online ikusi ahal izango dira, bai eta beren aldez bozkatu ere, urtarrilaren 27ra arte. Egun horretan bozketak itxiko dira, eta irabazlea zein den jakingo da. Errealizadorearentzat aukera paregabea da gai horretaz kontzientziatzeko. "Saria irabazten duen dokumentala urtebetez Europako eskola eta institutuetan proiektatuko da, eta horrek itsas zaborraren arazoen inguruan (bereziki itsas plastikoetan) sentsibilizazio handia ekarriko luke".

Zenbait kalkuluren arabera, 2050. urterako arrainak baino plastiko gehiago egongo da itsasoetan. Premisa honen aurrean, Cesare Maglioni errealizadoreak Hondar 2050. Gure hondakina, gure arazoa dokumentala filmatu zuen 2018an. Lanaren helburua da herritarrak itsasoetako plastikoen arazoaz kontzientziatzea eta sentsibilizatzea, ozeanoak bezain hauskorrak diren ekosistema batean sortzen diren kalteez jabetzeko.

Bere estreinalditik, dokumentalak hainbat sari lortu ditu, besteak beste, Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloan (2018), eta Madrilgo Giza Eskubideen Zinemaldian. Gainera, Frantziako, Espainiako, Suitzako, Argentinako, Kanadako eta Portugalgo hainbat jaialditan ikusi eta hautatu dute.