Berriak

2018/9/11 Agora K2050

Hiru emakume olinpiko kirolari eta klima-aldaketari buruz hitz egiteko

Gipuzkoan kirol desberdinetan erreferente diren hiru emakume kirolak ingurumenean izan ditzakeen inpaktu positibo nahiz negatiboei buruz ariko dira, bakoitza bere bizi- eta lanbide-esperientziatik abiatuta. Naroa Agirre pertika-jauzilaria, Ainhoa Murua triatloilaria eta Leire Olaberria txirrindularia izango dira hizlariak, beren kirol-ibilbidean zehar olinpiar jokoetan hainbat aldiz parte hartu izan duten elitezko hiru kirolari.

Hasiera batean balirudike kirolak eta klima-aldaketak ez dutela zerikusirik, baina errealitatea oso bestelakoa da. "Kirolak ere eragin zuzena dauka klima-aldaketarengan", azaldu du irmo Pancho Campok, Chrand Marketing & Events-eko Zuzendari Nagusiak, Marca kirol-egunkarian. Adituaren arabera "baliabide hidrikoak izango dira gehien sufritu dutenak datozen urteetan, eta ur-eskasiak gogor astinduko ditu gure gizarteko esparru guztietan". Eta egoeraren adibide paradigmatiko gisa, belar kopuru handiak behar dituzten kirolen kasuak jartzen ditu mahai gainean. "Pentsa dezagun golf edota futbol zelaiak ureztatzeko, edota bestelako kirol-espezialitate ugari garatzeko beharrezkoa den ur kopuru handietan, batik bat euria nahikoa ez denean, Ekialde Ertainean, Afrikan edota Mediterraneoan bertan".

Baina ez dugu zertan hain urrutira joan beharrik; hemen bertan ere, gure hirietan ikus dezakegu nola jarduera fisikoak zuzenean eragiten dion ingurumenari. "Zer CO2 kopuru isurtzen dute atmosferara kirol-taldeek munduko hainbat herrialdetan, neguan berogailuz berotutako edo udan aire girotuarekin freskatutako pabilioietan egin behar diren kirolengatik?".

Adibide gehiagorekin jarraituz, Erresuma Batuan cricket eta golf kiroletako zuzendaritza atalak gero eta kezkatuago daude klima-aldaketarekin loturiko muturreko klimaren ondorioengatik. "Ingalaterrako eta Galeseko Cricket Batzordearen arabera, Ingalaterran jokatutako egun bateko nazioarteko norgehiagoken %27 murrizketekin jokatu dira 2000. urteaz geroztik, euriagatik". Eta gaineratzen du "azken 10 urteetaik 5ean 175 joko-egun galdu dira Konderriko Txapelketan".

Hiru kirolariek, Naroa Agirre, Ainhoa Murua eta Leire Olaberriak, elite mailako kirol olinpikoan murgilduko gaituzte, eta kirolak klimarengan eragin ditzakeen inpaktuak ezagutuko ditugu, baina baita klima-aldaketak elitezko kirolari berari nola eragiten dion ere.

Hitzordua, euskaraz (aldibereko itzulpen zerbitzua egongo da), irailaren 19an izango da, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan San Telmo Museoan. Sarrera doakoa eta irekia, lekua bete arte.

Beste albisteak

Berrien zerrendara itzuli