Berriak

2017/5/3 HidroLogikak

HidroLogikak egitasmoaren zazpigarren edizioan Urumea protagonista

HidroLogikak Cristina Enea Fundazioaren egitaraura itzuli da beste urte batez, Urumearen memoria kulturala berreskuratzeko eta bere ingurumen- eta gizarte-aberastasunaren garrantzia azpimarratzeko helburuarekin. HidroLogikaken zazpigarren edizioak maiatzaren 5ean ekingo dio bideari, Lurdes R. Basolík koordinatuko duen argazkilaritza-tailerarrekin, eta abuztu amaiera arte luzatuko da. Beraz, iazko Donostia 2016 Fundazioarekin izandako elkarlanaren ondoren (egitaraua urte osoan zehar garatu zen), egitasmoak bere jatorrizko dimentsioa berreskuratu du, xumeagoa.

HidroLogikak egitasmoko arduradun eta koordinatzaile Lidia Montesinosen esanetan, "proiektuaren helburua da herritarren eta ibaiaren arteko gerturatze prozesuak sortzen jarraitzea. Donostialdeako leku gehienetan ibaia urbanizatua dagoen arren, lurraldearentzat oso elementu garrantzitsua izaten jarraitzen du Urumeak".

Horrela, aurtengo HidroLogikak-ek ibaiaren ikuspegi eta esperientzia ezberdinak ekarriko dizkigu, biologiaren eta ingurumenaren esparruetatik hasi eta ikuspegi artistikoagoetara, ludikoagoetara, historikoagoetara eta kirolariagoetara iritsi arte.

Aurten HidroLogikak egitasmoak izango duen izenburua, Bizi Urumea, Urumea bizirik! aurtengo edizioaren intentzio-aitorpen bat da. Egitasmoaren arduradunak dio beharrezkoa dela "Urumea bizirik dagoen zerbait gisa ikustea, izaera dinamikoduna; gurekin bizi dena, berarekin goza dezakegu eta gozatu behar dugu".

Era askotariko egitaraua
HidroLogikak egitasmoaren zazpigarren edizioko egitaraua Lurdes R. Basolí eta Jon Cazenave argazkilariek zuzendutako 'Ibaia ez da toki bat IV: Errebelazioa' laborategi artistikoarekin hasiko da. Basolík 'Ibaia erretratu gisa' izeneko argazkilaritza-tailerra emango du maiatzak 5, 6 eta 7an, eta Cazenavek zianotipiaren munduan murgilduko gaitu ekainak 16, 17 eta 18an. Maiatzaren 13tik abuztuaren 27ra 'Urumea bizi' erakusketa egongo da ikusgai, Ramón Arambarri argazkilariak eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteak sortua. Gainera, erakusketak hainbat bisita gidatu ere izango ditu.

Urumeatik zehar eta azpiegitura hidraulikoetara irteerak ere izango dira, aurreko urteetan bezala. Martutenetik Mundaizeko ontziralekuraino ibaia jaisteko aukera izango da kanoan (maiatzak 13) nahiz piraguan (ekainak 10) Arrauning elkartearekin, eta ekainak 11n Añarbeko urtegiko azpiegiturak eta ingurunea bisitatuko ditugu. Uztailak 1ean berriz, Miren Urquijo antropologoaren eskutik Donostiako historian Morlans eta Amara inguruko ubideek izan duten garrantzia ezagutuko dugu, baita gaur egun ondare horiek duten egoera ere.

Txikienek eta musika-zaleek ere egitarauan murgiltzeko aukera izango dute. Maiatzak 26an eta ekainak 22an haur eta gazteentzako jarduera bana izango da Loiolan eta Martutenen, hurrenez-hurren, Zirtaka antzerki taldearekin eta Kulkirekin, eta uztailak 27an, Urumea Blues&Jazz Jaialdiaren laugarren edizioan Tutti Frutti Jazz Project eta Evening Prayer Quartet taldeak izango dira ibai ertzean musika eskaintzen.