Berriak

2019/4/4 Cristina Enea FundazioaIraunkortasunaren Behatokia

Herritarrek Uliako ekosistemen zerbitzuez duten iritziari buruzko txostena

Apunte Koaderno honek biltzen duen lanean, herritarren iritziaren azterketa bat aurkezten da, ospe handiko hiriko mendi baten ekosistema-zerbitzuei buruz: Ulia. Ulia Donostiako udalerriko zati txikia da, bai, baina ezagutu eta babestu beharreko natur harribitxia ere bai. Cristina Enea Fundazioko Iraunkortasunaren Behatokiko kide den Leire Saroberen azterlanak lagundu egingo digu Uliako hazi bizia ulertzen, baita tokiak harrotzen dituen irudipenak, emozioak eta iradokizunak ere. Egileak aitortzen duen bezala, "ekosistemen zerbitzuak aztertzen direnean, natur-zientzien ikuspegitik edota ikuspegi sozialetatik egin ohi dira ikerketak, baina gutxitan uztartzen dira bi diziplina horiek espazio zehatz bat aztertzerakoan". Honela, espazio bat aztertzeak, kasu honetan Ulia, ez bakarrik bere alor biofisikoak edo ekosistemen zerbitzuen eskaintza kontuan hartuz, baizik eta zerbitzu horien gainean gizarteak dituen eskariak ere, "balio dezake ikuspegi integral bat edukitzeko eta espazio horiek hobeto kudeatzeko". Beste modu batera esanda, "ezinbestekoa da ulertzea tokiko eragile ezberdinak nola erlazionatzen diren ekosistemekin eta eragile horiek nola baloratzen dituzten zerbitzuak, ez bakarrik bertako bizimoduen beharrei onurak eskaintzeko ekosistemak kudeatzeko, baizik eta ingurunearen kontserbazioa hobetzeko ere".

Gure espeziearen ongizate eta kalitaterako ekosistema-zerbitzuak ezin bestekoak izateaz jabetuta, biodibertsitatea kontserbatu eta baliabideak antolatzeko politikez gain, nazioarteko erakundeek adostu zuten dibertsitate biologikoaren onura ekonomikoei buruzko munduko azterketa bat egitea 2007an, konparazio bat eginez hura galtzearen kostuak eta hura kontserbatzeko neurriak hartzearenak.

Ekosistemako ondasun eta zerbitzuei balio ekonomiko bat egozteaz gain, horretarako horiek identifikatu, babestu eta interpretatu behar dira aldez aurretik, hura areago ezagutu eta komunitatearen kulturan txertatzeko, baina gainera nabarmentze prozesu horrek, askotan ia ez dagoen gizarte- eta kultura-aitortza bat ere eskatzen du. Planetan bizitzea uzten duten habitaten balioari buruzko herritarren iritzia garrantzitsua da eta, batzuetan, erabakigarria ere bai, natura kontserbatzeko politika publikoak bultzatu ahal izateko.

Azterketaren ondorio nagusiak
Ikerketaren egile Leire Saroberen esanetan, "Ulia oso apreziatua da aisialdirako eta denbora librerako leku gisa, bai eta paisaiaz gozatzeko ere, eta hasiera batean bioaniztasunaren kontserbazioa onura espezifiko bezala ageri ez den arren, oso baloratua da behin aipatuta".  Pertzepzio horiek oso antzekoak dira hiriko eta hiri-inguruko beste berdeguneen inguruan eginiko ikerketetan ere.

Azterketa hau burutzeko herritarrek 250etik gora galdetegi bete dituzte, eta egilaren arabera azpimarragarria da "naturarekin lotura bat edukitzea ahalbidetzen digun, eta hiritik gertu dagoen leku bezala" garrantzia ematea gizarteak Uliari, "ongizate fisiko eta psikologikoan laguntzeaz gain ingurumen-heziketarako espazio gisa erabiltzeko aukera" eskaintzen duen lekua izanik.


Dokumentua eskuragarri dago kontsultarako eta deskargatzeko Cristina Enea Fundazioaren Iraunkortasunaren Behatokiaren Apunte Koadernoen atalean.