Berriak

2019/3/4 Asteklima

Herritar guztiei eskainitako klima-aldaketarekiko gerturaketa Euskadiko Klima Aldaketaren Astean

Donostiako Udalak, Ingurumen Zuzendaritzaren eta Cristina Enea Fundazioaren arteko elkarlanari esker, karpa berezi bat kokatuko du Alderdi ederreko lorategietan, Asteklima. Eukadiko Klima Aldaketaren Lehenengo Astearen ospakizunen baitan non, makina bat jarduera ezberdinen bidez, klima aldaketa bezalako fenomeno globalari buruzko kontzeptu garrantzitsuenak herritarrei gerturatuko zaizkien, modu atsegin eta didaktikoan. Martxoaren 4tik 10era luzatuko den egitarau luze-zabala, publiko mota guztiei eskainitako jardueraz betea.

Karpa hau, eta astebetez bere baitan izango dituen jarduerak, martxoaren 6tik 8ra Donostian izango den Change the Change. Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Biltzarraren testuinguruan kokatzen da. Aipatu biltzarra bertako nahiz nazioarteko adituentzat topaketa bat izango da, klima-aldaketari lotutako esperientziak eta ikuspgiak partekatzeko eta eztabaidatzeko. Honela, Nazioarteko Biltzarreko aurkezpen eta azalpen “teknikoentzako” kontrapuntu “didaktikoa” izango da Alderdi Ederren kokatutako karpa.

Edukiak eta egitaraua
Karpa irekita egongo da martxoaren 4tik, astelehena, 10era, igandea, goizeko 11:00etatik 20:00etara, bisitari mota bakoitzari bereziki eskainitako programazio anitzarekin.

Instalaziora joango diren pertsonek (sarrera irekia eta doakoa) Klima Aldaketa aldatuz erakusketa ikusi ahal izango dute bertan. Hirian klima-aldaketak eragingo dituen efektuak murrizteko eta berotze globalaren ondoriek eragindako egoera berrira egokitzeko Donostiako Udalak 2018an onartutako Klima DSS2050 Ekintza Plana aurkezten du erakusketak. 15 panelen bidez, ondokoa azaltzen du: klima aldaketaren jatorria, ondorioak, guregan izango dituen eraginak Donostia zer egiten ari den eta etorkizunean eginkizun horretan zer egingo duen, mundu osorako borrokagai den horren aurka egokiro egiteko. Erakusketa modu autogidatuan bisita daiteke, baina astelehenetik ostegunera bisita gidatuak izango dira arratsadeko 17:30ean (astelehenean eta asteazkenean gazteleraz, asteartean eta ostegunean euskaraz).

Bisita gidatuak eta 'Stop Klima-Aldaketa' tailer didaktikoa egingo dira baita ere ikastetxeentzat, eskaripean. Hitzodua adosteko 943453526 zenbakira deitu edo cristinaenea@donostia.eus helbidera idatzi beharra dago.

Karpan bertan egongo da baita Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean ere maiatzaren 5 arte ikusgai dagoen ‘Klima aldaketa hau komeria. Erakusketa bat, bi esposizio’ erakusketa osatzen duten bineten aukeraketa bat. Erakusketa honek, klima-aldaketari buruzko ikuspegi ezberdinak plazaratzen ditu, umore ikutuarekin, Euskal Herriko nahiz nazioarteko ilustratzaileek eginiko bineten bidez.

Alderdi Ederren jarritako espazioak liburutegi iraunkor txiki bat ere izango du, Cristina Enea Fundazioaren, Donostia Kulturaren eta Tabakalerako UBIK liburutegiaren arteko elkarlanari esker sortua. Bisitariek klima-aldaketarekin lotutako dokumentazioa eta liburuak kontsultatzeko aukera izango dute bertan.

Gainera, astelehenetik ostegunera, arratsaldeko 19:00etan, hainbat jarduera ireki egongo dira. Horien bidez, eta proiekzioak, literatur-solasaldiak edota hitzaldiak bezalako formatu ezberdinen bidez, klima-aldaketaren ikuspegi ezberdinetara geturatuko gara gaian adituak diren hainbat lagunekin:

  • Martxoak 4, astelehena (19:00etan). Home dokumentalaren emanaldia.
  • Martxoak 5, asteartea (19:00etan). Literatura naturarekin. ‘El hombre que plantaba árboles’ animaziozko laburmetraiaren emanaldia eta literatur-solasaldia Tere Irastorza (poeta, saiakera-idazlea eta unibertsitateko irakaslea) eta Felipe Juaristiren (poeta eta kazetaria) eskutik.
  • Martxoak 6, asteazkena (19:00etan). Hitzaldia: Greenpeace Klima-Aldaketaren aurrean. Hizlaria: Lorea Flores (EAEko eta Nafarroako Greenpeaceko koordinatzailea).
  • Martxoak 7, osteguna (19:00etan). Elkarrizketa feminista: Emakumeok klimaren alde. Parte hartuko dute: Cristina Monge (ECODESeko Elkarrizketak alorreko Zuzendaria eta Zaragozako Unibertsitateko Soziologia irakasle elkartua) eta Carmen Parrado (LIFE Nadapta Egitasmoko Teknikaria – Landa Garapen, Ingurumen eta Tokiko Administrazioaren Saila. Nafarroako Gobernua).

Bien bitartean, asteburuan antolatuko diren jarduerak etxeko txikienei zuzenduta egongo dira:

  • Martxoak 9, larunbata (11:30 eta 17:00, euskaraz). Ipuin-kontalaria: Zuriñeren abentura.
  • Martxoak 9, larunbata (13:00 euskaraz eta 18:30 gazteleraz). Familientzako tailer didaktikoa: Klima-aldaketa, joko beroa.
  • Martxoak 10, igandea (11:30 eta 17:00, euskaraz). Ipuin-kontalaria: Zuriñeren abentura.
  • Martxoak 10, igandea (13:00 gazteleraz eta 18:30 euskaraz). Familientzako tailer didaktikoa: Klima-aldaketa, joko beroa.

Donostiako Aquariumarekin eta AZTI-Tecnaliarekin elkarlana
Alderdi Ederreko karpan izango diren jarduerekin paraleloki, eta baita Asteklimaren testuinguruaren baitan, Donostiako Aquariumak Pilar Soberón artistaren Uraldia Conciencia Líquida erakusketa antolatu du. Honakoa, bideo-formatuan, ikus-entzunezko dokumentu zirraragarri bat harrien gainean islatzen dena. Bideoa Pilar Soberonek naturan egindako esku-hartzeen erregistro bat da, iturriak eta askak bezalako espazio naturaletan egikaritutako ekintzak bilduz.

Azkenik, AZTI-Tecnalkiak ere bat egingo du Euskadiko Klima-Aldaketaren Lehenengo Astearekin, Donostiako portuko faroletan hainbat banderola kokatuz. Bertan klima-aldaketari buruzko informazioa egongo da irakurgai, batik-bat itsaso eta itsas-ertzei dagokiena.