Berriak

2020/9/14 Ingurumen albisteak

Hauek dira babestu beharko genituzkeen lurrak, bioaniztasuna segurtatu eta klima egonkortzeko

Kilometro koadroko pixel bat. Horraino iritsi da Global Safe Net (GSN) munduan babestu beharreko lur eremuak mapeatzeko orduan. Berrikitan argitaratu ditu bere ikerketaren ondorioak, eta webgune bat ere atondu du, azaletik azalera ikusteko zein diren espezieen kontserbaziorako natur guneak nola karbonoa biltegiratzeko biomasen eremuak.

Askotan bananduta ageri zaizkigun arren, biodibertsitatearen galera eta klima larrialdia eskutik datoz. Are gehiago, munduaren berotze globalaz gain, gizakiarentzat beste mehatxu batzuk ere agerian jarri zaizkigu Covid-19aren pandemiarekin: zoonosiek eragindako gaixotasunak. Munduko bizitza ororentzat etorkizun ilun hori saihesteko, beharrezkoa litzateke orain duguna baino askoz ere lur eremu gehiago babestea.

GSNek dioenez lurrazalaren erdia bermatu beharko litzateke zeregin horretara. Egun, 20 milioi kilometro koadro daude babestuta, eta 67 milioi kilometro koadro beharko liratekeela dio proiektuak.

Zehazki, egun babesturik dauden eremuez gain, lurrazalaren beste %30 identifikatu dute espezieen aniztasuna eta ugaritasuna kontserbatzeko ezinbesteko bezala; bereziki Siberian eta Kanadako iparraldean daude, baita Brasil, AEB, Australia eta Txinako habitat zabaletan ere, natur aberastasun handikoak. Gainera, lurrazalaren %5 gehiago karbono-biltegi bezala erabili beharko litzateke, “klima egonkortzeko”. Denera, beraz, munduaren erdia.

Gizakiak urbanizaturiko dentsitate altuko guneak eta nekazaritzara emanikoak ez dira kontuan hartu mapa osatzerako garaian, bai ordea gizaki gutxi bizi direnak edo urrunekoagoak. Zentzu horretan, ikerketak arreta berezia jarri die lurralde indigenei, babestu beharreko guneen %37 osatzen baitute: “Horrek erakusten du herri indigenek eta euren lurrek eginkizun garrantzitsua dutela biodibertsitatea eta Lurreko atmosfera zaintzeko”.

Beste ondorioetako bat da desagertzeko arrisku larrian dauden espezieak babesteko nahikoa litzatekeela soilik lurren %2,5 gehiago babestea –egungoez gain–, eta hori gauzagarria litzatekeela bost urteren buruan.

Lur autoktonoen inguruko erreklamazioei kasu egitea, Parisko klimaren gailurrean hitzemandakoa betetzea eta Naturaren Aldeko Akordio Globala aurrera eramatea funtsezkoak direla deritzote ikerketaren sinatzaileek. Gogorarazi dute COVID-19aren pandemiarekin estatuek erakutsi dutela gai direla milaka milioi diru mobilizatzeko, eta kasu honetan ere gauza bera egin beharko luketela. 


Jarraitu jatorrizko albistea irakurtzen Argia.eus webgunean (lotura hemen).