Berriak

2020/5/25 Ingurumen albisteak

Harriak pilatzeko modak kalte egiten die espezieei

Harriak bata bestearen gainean jartzeko 'jolasa', turismoari lotua eta sare sozialen bidez zabaldutako argazkietan islatua, gero eta hedatuagoa dago mundu osoan. Baina ondorioak kaltegarriak dira ingurumenarentzat. 

Hala adierazi du Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) ikertzaileek parte hartzen duten nazioarteko talde batek, eta ohartarazi du harriak pilatzeak kalte egiten diela zenbait animalia- eta landare-espezieri, eta espezie horietako batzuk galtzeko arriskuan daudela.

Human-Wildlife Interactions aldizkari zientifikoan argitaratutako artikulu batean, zientzialariek adierazi dute pilaketa horiek babestutako eremu askotan agertu direla. Espainian, Teide Parke Nazionalean (Tenerife) eta Cabreran (Balear Uharteak) aurkitu dira, baita beste hainbat eremu naturaletan ere, hala nola Sa Dragonera Parke Naturalean eta Ses Salines Parke Naturalean (biak Balearretan).

Zientzialarien arabera, egitura horiek animalia- eta landare-espezieen habitata aldatzen dute, eta arrokak erabiltzen dituzte babesleku gisa edo haiei lotutako mikroklima-baldintzen mende daude. Harri isolatuek tenperatura- eta hezetasun-baldintza bereziak sortzen dituzte, eta funtsezkoak dira intsektuak, barraskiloak eta armiarmak bezalako espezieentzat. Harrien antolamenduak eragina du harraparien eta harrapakinen arteko edo lehiakideen arteko dinamikan.


Informazio gehiago