Berriak

2019/7/2 Ingurumen Baliabideen Etxea

Hamakenea, hamakak eta aulki dilindarien instalazioa Cristina Enea parkean

Uztailaren 15etik aurrera, Cristina Enea parkean hamakak eta aulki dilindariak egongo dira erabilgari.  Hamakenea izeneko instalazioa Mandasko Dukearen Jauregiaren atzean egongo da, Mundaizerantz jaisten den zuhaiztian. Olatz Zubiak asmatu eta koordinatutako eta Cristina Enea Fundazioak burututako proiektu honek, parkeaz modu berri eta jasangarrian gozatzeko aukera eskaintzen du, erlaxazioa, dibertsioa eta ingurunearekin kontaktua sustatuz. Bi hilabetez, donostiarrek eta bisitariek, instalazio publiko aitzindari honen zaintza eta gozamena partekatuko dute.

Olatz Zubiarekin hitz egin dugu Hamakeneari buruzko instalaziotaz.

Nola jaio zen proiektu hau?
Orain dela urte batzuk Formenteran bizi izan genuen bero-bolada baten ondorioz sortu zen dena. Bero handia egiten zuen eta zaila zen, hondartzan, toalla gainean egotea. Orduan, nire burua, hamaka bat irudikatzen hasi zen, egurrezko bi makiletan lotuta, uraren gainean, eta pentsatu nuen zein gustura egongo nintzatekeen hamaka horretan kulunkatzen.

Opor horietatik bueltan hamakak nituen buruan eta parke publikoetan hamakak izatea ondo legokeela pentsatu nuen, siesta egiteko, deskonektatzeko, atseden hartzeko… Eta horrela hasi zen dena.

Zein erreferente izan duzu diseinatzerako orduan?
Sarean begiratu nuen hamakadun parkerik ba ote zegoen. Horrelako instalazio batzuk bazeudela ikusi nuen eta, zehazki, Vienan eta New York-en, zuhaitzak erabiltzen zituztela hamakak jartzeko. Horrez gainera, hamaken onuren inguruko informazio eta ikerketa asko ere aurkitu nuen.

Zeintzuk dira onura horiek?
Batez ere, esango nuke, estresa murrizten dutela. Hamaka batean kulunkatzeak gorputza eta burua erlaxatzen laguntzen du, bake- eta lasaitasun-sentsazioa ematen du eta estres-maila murriztu. Hori ezinbestekoa da bizi-kalitate hobeagoa izateko.

Gainera, hainbat ikerketek, hamakaren mugimendu leuna lo sakonarekin, optimismoarekin, kontzentrazioarekin… lotzen dute.

Zer eskaini diezaiokete hamakek parkearen erabilera eta gozamenari?
Parkeaz gozatzeko modu berriak. Orain parkeak eskaintzen digunaz gain, uztailean eta abuztuan kulunkatu egin gaitezke eta natura beste ikuspuntu batetik begira dezakegu.

Bestetik, 3tik 9ra arteko umeek, eurentzat hamaka bereziak izango dituzte zuhaitzetatik zintzilik, eta jolasen bitartez esperimentatu ahal izango dute.

Zer jakin beharko genuke instalazioa behar bezala erabiltzeko?
Panel informatibo batean azalduko da instalazioaz gozatzeko modurik onena zein den. Oso garrantzitsua da hamakak era arduratsuan erabiltzea, Cristina Enea bisitatzen dugunok parkeaz eta parkeak eskaintzen dituen sentsazioetaz goza dezagun.