Berriak

2019/6/11 Glosariak

Glosariak: ingurumena ulertzeko oinarrizko glosarioa

Ingurumenarekin erlazionatutako kontzeptuak ezezagunak izaten dira sarri publiko orokorrarentzat, normalean espazio edo alor espezializatuetan erabili ohi direlako. 'Glosariak' ekimen berriarekin Cristina Enea Fundazioak bilatzen du publiko orokorrak oinarrizko kontzeptu hauek ikastea modu erraz eta atsegin batean, lagun batek kafe bat hartzen azalduko balizu bezala.

Helburua da telecoria, erresilientzia, Natura 2000 sarea, fenologia edota karbono-aztarna bezalako kontzeptuak gerturatzea herritarrei, guztiak ingurumenari eta jasangarritasunari loturiko esparruetan oso ohikoak eta erabiliak izan arren herritar askorentzat ezezagunak izan daitezkeelako. Gainera glosario arin, erraz eta edozein pertsonak ulertzeko bezalakoarekin egin nahi dugu, hizkuntza espezializatutik eta teknizismoetatik urrun, bideo-pilulatxoak erabiliz.

Glosariak ekimenaren lehenengo atalean Cristina Enea Fundazioko biologo eta Ulia Interpretazio Zentroko arduradun Oihana Orkolagak Natura 2000 Sarea zer den kontatuko digu.

"Natura 2000 Sarea Europan zehar dauden balio ekologiko berezia duten espazioz osaturiko sarea da", azaltzen digu Orkolagak, eta gaineratzen du balio ekologiko berezia edukitzeak esan nahi duela "bertan habitat berezi bat dagola, hezeguneak esate baterako, edo espezie jakin baten bizileku direla". Natura 2000 Sarea ez ezik, eremu babestuei buruz hitz egiten dugunean ohikoak diren beste bi kontzeptu argitzeko ere aprobetxatu du Oihanak, sarri ezezagunak direlako. "Espazio hauetan babes neurri bereziak hartzen dira beren kontserbaziorako, eta behin neurri hauek hartuta, izendapen berezia hartzen dute, Kontserbazio Berezirako Eremuak (KBE) edo Hegaztientzako Babes Berezirako Eremuak (HBBE)".

Amaitzeko, Ulia Interpretazio Zentroko arduradunak aipatu du Donostiatik gertu badaudela Natura 2000 Sarean sartutako lekuak: Aiako Harria eta Ulia mendiko itsas-labarrak.

Espero dugu ohar labur hauekin Natura 2000 Sarea bezalako kontzeptu bat ezagunagoa izatea jendearentzat. Glosariak atal berri bat arte!