Berriak

2019/7/15 Cristina Enea FundazioaGlosariak

Glosariak: Badakizu zer den fenologia?

Klimak eta eguraldiak, eta ondorioz klima-aldaketak ere, gure planetako bizitzaren alor guztiei eragiten diete, bai animaliei baita landareei ere, eta hori aztertzeko fenologia dugu. Uxua Arana biologoa eta Cristina Enea Fundazioko hezkuntza taldeko kidea da, eta fenologia zer den azaldu digu: "Meteorologia eta biologia uztartzen dituen zientzia da eta aztertzen du klimak eta eguraldiak nola eragiten dieten izaki bizidunei beren bizi zikloetan". Jakin badakigu landareak urteko sasoi batean loratzen direla, edo zenbait hegaztik migratu egiten dutela urteko garai jakin batzuetan, baina zer gertatzen da leku jakin bateko baldintza klimatikoak aldatzen badira? Zenbait landare lehenago (edo beranduago) loratuko direla, eta hegaztien migrazioekin gauza bera gerta liteke. Honela, fenologia "zientzia behatzailea da, ezin du makina batek egin naturan gertatzen diren aldaketak antzeman eta datak erregistratu" behar baitira, animalia eta landare espezie ezberdinen ziklo naturalak urtetik urtera aldatzen diren jakiteko.

Uxuak azaldu digunez, "erregistroa egiteko fenologia sareak eta bolondres sareak daude Europan, datu horiek guztiak denboran zehar biltzeko" eta joerak antzeman ahal izateko.

Fenologiak izan ditzakeen aplikazioak batez ere nekazaritzan eta basogintzan zentratu izan dira orain arte baina Aranak dioen bezala, "azken urteetan garrantzi handia hartzen ari da klima-aldaketaren eragina aztertzeko, alegia, ikusteko klima-aldaketak nola eragingo duen espezie ezberdinetan" eta beren ziklo naturaletan.