Berriak

2020/9/25

Gazteek Europako ingurumen-politiken aurrean dituzten kezkak eta sentimenduak jasotzen ditu argitalpena

Donostiako Udala eta Cristina Enea Fundazioa, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko konpromisoen esparruan, beroketa globalari eta udal-eremuan egin daitezkeen ekintzei buruzko hausnarketa- eta komunikazio-ekimenak garatzen ari dira aspalditik. Udalaren klima-ekintza Donostiako udalerriaren iraunkortasunaren aldeko plangintza- eta ekintza-ibilbide luzean txertatzen da. Ibilbide horren helburu nagusia da biztanleen bizi-kalitatea hobetzea eta aztarna ekologikoa murrizteko eta hiria klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko nazioarteko foroetan hartutako konpromisoak betetzea.

Testuinguru horretan, 2019ko martxoaren 27an, Donostiako San Telmo Museoan, CitizENV, Ingurumenari buruzko Herritar Elkarrizketak proiektuaren saio bat egin zen. Saio hori Europako Batzordeak eta Cristina Enea Fundazioak antolatu zuten, hiriko Udalaren laguntzarekin, gazteen eta Batzordeko teknikarien artean eztabaida bat ezartzeko helburuarekin, Jesús Alquézar Sabadiek zuzenduta. Alquezarren arabera, "gazteen mobilizazio klimatikoak funtsezkoak izan dira Ursula von der Leyen buru duen Europako Batzordearen lehentasuna Itun Berdea izan dadin".

Tailerrean parte hartu zuen Marina Lopez gazteak uste du “eskertzeakoa dela horrenbeste gazte egotea ingurumena hobetzearen aldeko mugimenduetan”, eta, gaineratu du, “citizENV ekiemenari esker, ikuspegi ezberdina eduki arren misio bera dugun gazteok gure ekarpena egin ahal izan dugu”.

CitizENV tailerreko parte-hartzaileek positiboki baloratu dute jarduera, gazteak Europako politikarekin lotzeko balio izan duelako. Hala adierazi du Xavier Curtok, jardunaldian parte hartu zuen beste gazte batek. "Uste dut lotura hori oso garrantzitsua dela gaur egun, batzuetan zaila baita konektatzea. Uste dut oso garrantzitsua izango dela datozen urteetan; izan ere, ingurumen-erronka handiak ditugu, eta Europar Batasunak bidea markatu beharko du estatu kideek ingurumen-politika zorrotzak izan ditzaten gure eragin ekologikoa murrizteko".

Hala, argitalpenaren egileak adierazi du Europako Itun Berdearekin Batzordeak "erantzuna eman nahi diela egungo ingurumen-erronkei: klima-aldaketa, biodibertsitatearen galera, baliabide naturalen gehiegizko erabilera eta kutsadura", eta gaineratu du Europako Gobernuak "lege klimatiko bat" proposatu duela "2050ean kontinentea klimatikoki neutroa izan dadin”, bai eta “2030erako deskarbonizazio-helburu berri bat, Ekonomia Zirkularrari buruzko Ekintza Plan berri bat edo Biozirkularraren Estrategia bat ere”, besteak beste.

Gaur aurkezten den argitalpenak CitizENV proiektuaren saioaren emaitzak jasotzen ditu. Bertan, 20 gaztek osatutako talde bat gonbidatu zen, 13 neska eta 7 mutil, askotariko profilak dituztenak: bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleak eta lan-merkatuan jada dauden pertsona batzuk.

Parte hartu zutenen ezaugarri komun nagusia ingurumenarekiko konpromisoa zen, eta tartean ziren Fridays For Future-k Donostian, Bilbon edo Madrilen aldaketa klimatikoaren aurkako martxen zenbait antolatzaile. Gazte horientzat, herritarren arteko elkarrizketan parte hartzea aukera bat zen ingurumenari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, antzeko kezkak zituzten beste gazte batzuk ezagutzeko eta, horrela, mobilizatzeko gaitasun komuna hobetzeko, beren ahotsa tokiko eta Europako agintari publikoen aurrean altxatzeko (nahiz eta, horri buruz, onartzen zuten haien itxaropenak nahiko txikiak zirela) eta beren bizi-ohiturak aldatzen joateko. Funtsezko motibazioak, beraz, informazioa eskuratzea eta sareak sortzea ziren, mobilizazio handiagoa lortzeko.

Alquezarrek gogorarazi duenez, Cristina Enea Fundazioa, Europako Batzordeko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan, "aitzindaria izan zen, gazteekin herritarren tailer hau antolatuz, bertan gure ingurumen-arazoen arazoak eta konponbideak eztabaidatzeko". Egilearen arabera, "zaila da eztabaidek Europako Itun Berdearen definizioan eragina izan dutela baieztatzea, baina zalantzarik gabe Apunte Koaderno honetan aurkezten den laburpenak Europako gaur egungo lehentasunekin antzekotasun handiak ditu”.


Kontsultatu eta eskuratu argitalpena lotura honetan.