Berriak

2018/5/16 Eskola Agenda 21

Gaur egin da Donostiako Eskola Agenda 21eko Udal Foroa

Amaitzear den 2017/2018 ikasturtean, 28 ikastetxetako 15.000 ikasle inguruk hartu dute parte Donostiako Eskola Agenda 21 ekimenean. Garapen jasangarriarekiko konpromisoaren testuinguruan hiria ikastetxeetara hurbiltzea bilatzen duen hezkuntza-egitasmoa da Eskola Agenda 21. Era berean, ikuspegi lokala garatzeko eta hezkuntza-komunitateak hiri-bizimoduan parte hartzea laguntzeko aukera ere eskaintzen du.

Ikasturte honetan ikasleek landu duten gaia aniztasun kulturala izan da. Esan beharra dago ikasleek irakasleen, ikastetxeetako gainerako langileen, Udaleko arlo ezberdinetako teknikarien, gurasoen eta hiriko zenbait elkarteren inplikazioa eta laguntza ere jaso dutela.

Kultur aniztasunaren gaia lantzeko garaian, lehenik eta behin, gai honetara hurbiltzeko eta sentikortzeko jarduerak antolatu zituzten ikasleek. Ondoren, ikastetxe bakoitza zein egoeratan dagoen aztertu zuten eta bertatik ateratako ondorioak abiapuntutzat hartuz, helburu, adierazle eta ekintza zehatzez osatutako ekintzaplanak prestatu zituzten. Behin ikastetxeetako diagnostikoak eta ekintza-planak definituta zituztela, hiriaren egoeraren azterketari ekion zien (asmo horrekin, kale-ikerketa ezberdinak egiteko irteera eta bisita gidatuak antolatu zituzten).

Amaitzeko, apirilaren 18 eta 19an Eskolako Agenda 21en parte hartzen duten Donostiako ikastetxeen arteko topaketak antolatu zen Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, egindako lana laburbiltzeko, ikastetxeek kultur aniztasunari dagokionez hartu dituzten konpromisoak adosteko eta bide batez, Udalari zuzendutako proposamenak zehazteko. Konpromiso eta proposamen horiek, hain zuzen, gaur aurkeztuko dizkiete ikasleek udal ordezkariei.

Gaur, asteazkena, Donostiako Udaletxeko Udalbatza Aretoan izan den ekitaldian egon dira Eskola Agenda 21 ekimenean parte hartu duten 28 ikastetxeetako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 15.000 ikasleen ordezkariak alde batetik, eta Donostiako Alkate Eneko Goia, Ingurumen Zinegotzi ordezkaria Ane Oyarbide eta Berdintasuneko eta Lankidetzako Zinegotzi ordezkari Duñike Agirrezabalaga, bestetik.

Aurten parte hartu duten ikastetxeak honakoak dira: 

• Antigua-Luberri Institutua
• Arantzazuko Ama Ikastola
• Axular Lizeoa
• Bidebieta Institutua
• Claret Ikastola
• Deutsche Schule San Alberto Magno
• Easo Politeknikoa
• Eskibel Ikastetxea
• Katalin Erauso Ikastetxea
• Herri-Ametsa Ikastola
• Intxaurrondo Ikastola
• La Anunciata Ikastetxea
• La Asunción Ikastetxea
• La Salle Donostia Ikastetxea
• Larramendi Ikastetxea
• Lauaizeta Ikastola
• María Reina Ikastetxea
• Mendiola Ikastetxea
• Ntra. Sra. De Aranzazu Ikastetxea
• Ortzadar Ikastetxea
• Presentación de María Ikastetxea
• Sagrado Corazón – Mundaiz Ikastetxea
• San Ignacio de Loiola Ikastetxea
• San Luis-La Salle Ikastetxea
• San Patricio Ikastetxea
• Santa Teresa Ikastetxea
• Usandizaga-Peñaflorida-Amara Institutua
• Zubiri-Manteo Institutua