Berriak

2019/5/15 Eskola Agenda 21

Gaur egin da Donostiako Eskola Agenda 21eko Udal Foroa

Amaitzear den 2018/2019 ikasturtean, 27 ikastetxetako 11.000 ikasle inguruk hartu dute parte Donostiako Eskola Agenda 21 ekimenean. Garapen jasangarriarekiko konpromisoaren testuinguruan hiria ikastetxeetara hurbiltzea bilatzen duen hezkuntza-egitasmoa da Eskola Agenda 21. Era berean, ikuspegi lokala garatzeko eta hezkuntza-komunitateak hiri-bizimoduan parte hartzea laguntzeko aukera ere eskaintzen du.

Ikasturte honetan ikasleek landu duten gaia aztarna ekologikoa izan da. Esan beharra dago ikasleek irakasleen, ikastetxeetako gainerako langileen, Udaleko arlo ezberdinetako teknikarien eta gurasoen inplikazioa eta laguntza ere jaso dutela. Ikasgelan barruan eta kanpoan eginiko jarduera ezberdinei esker, beren aztarna ekologikoa kalkulatu ahal izan dute, beren bizimoduak ingurunearengan dituen ondorioak modu kuantitatiboan neurtu ahal izateko.

Amaitzeko, apirilaren 9 eta 10ean Eskolako Agenda 21en parte hartzen duten Donostiako ikastetxeen arteko topaketak antolatu ziren Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, egindako lana laburbiltzeko, ikastetxeek aztarna ekologikoari dagokionez hartu dituzten konpromisoak adosteko eta bide batez, Udalari zuzendutako proposamenak zehazteko. Konpromiso eta proposamen horiek, hain zuzen, gaur aurkeztu dizkiete ikasleek udal ordezkariei.

Gaur, asteazkena, Donostiako Udaletxeko Udalbatza Aretoan izan den ekitaldian egon dira Eskola Agenda 21 ekimenean parte hartu duten 28 ikastetxeetako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 11.000 ikasleen ordezkariak alde batetik, eta Donostiako Ingurumen Zinegotzi ordezkari Ane Oyarbide bestetik.

Aurten parte hartu duten ikastetxeak honakoak dira: 

• Antigua-Luberri Institutua
• Arantzazuko Ama Ikastola
• Axular Lizeoa
• Bidebieta Institutua
• Deutsche Schule San Alberto Magno
• Easo Politeknikoa
• Eskibel Ikastetxea
• Katalin Erauso Ikastetxea
• Herri-Ametsa Ikastola
• Intxaurrondo Ikastola
• La Anunciata Ikastetxea
• La Asunción Ikastetxea
• La Salle Donostia Ikastetxea
• Larramendi Ikastetxea
• Lauaizeta Ikastola
• María Reina Ikastetxea
• Mendiola Ikastetxea
• Ntra. Sra. De Aranzazu Ikastetxea
• Ortzadar Ikastetxea
• Presentación de María Ikastetxea
• Sagrado Corazón – Mundaiz Ikastetxea
• San Ignacio de Loiola Ikastetxea
• San Luis-La Salle Ikastetxea
• San Patricio Ikastetxea
• Santa Teresa Ikastetxea
• Usandizaga-Peñaflorida-Amara Institutua
• Zubiri-Manteo Institutua