Berriak

2019/10/25 Cristina Enea FundazioaIraunkortasunaren Behatokia

Gaur aurkeztu da Donostiako 2018ko Iraunkortasunaren Txostena

Cristina Enea Fundazioko Iraunkortasunaren Behatokiak Donostiako Iraunkortasunari buruzko Urteko Txostena eman du ezagutzera gaur, 2018. urteari dagokiona. 15 ataletan banatuta dauden 49 adierazleren bidez hiriko ingurumen-egoeraren diagnostikoa egiten du txosten honek, denboran zehar izan duten bilakaera aztertuz eta lortutako datuen inguruan hausnartuz. Prentsaurrekoan izan dira datuok eskaintzen Enrique Ramos (Ekologiako zinegotzi ordezkaria), Manu González eta Leire Sarobe (Iraunkortasunaren Behatokia - Cristina Enea Fundazioa).

Albiste honek atxikituta duen artxiboan eskuratu daitekeen azterketaren arabera, airearen kalitatea “oso ona” edo “ona” izan da urteko egun guztien %98an Ategorrietako estazioan, %95an Easokoan eta %92an Tolosa Etorbidekoan eta Puioko estazioan. “Hobe daitekeen” kalitate gisa kalifikatzen diren egunak, batik bat ozonoa eta NO2-aren presentziagatik da kasurik gehienetan, baita PM10 partikulen presentziagatik. NO2-aren urteroko batez-bestekoek eta eguneroko orduko maximoek ez dituzte legediak ezarritako gehienezko balioak gainditzen hiriko 4 estazioetan, eta ez da gainditu ere ozonoaren herritarrentzako informazio-atalasea.

Mugikortasunaren alorrean bestalde, oraindik ere oso esanguratsua da hiritik zehar mugitzeko garraiobide publikoa erabiltzen duten pertsona kopurua, orotara 32.906.895 bidaia zenbatuz hiriaren barruko joan-etorrietan Dbus, Lurraldebus edo Eusko Tren erabiliz, 176 bidaia urtean biztanleko; Europako altuenetakoa da zifra hori, eta antzeko tamaina duten Espainiako hirietakoa baino askoz handiagoa.

Hondakinen esparruan, 2016an antzemandakoari jarraikiz (atzeraldi ekonomiko urteetako joera hausten zutena), sorturiko hondakin kopurua handitu egin da (2017an baino % 1 gehiago, biztanle bakoitzak eguneko 1,21 kg hondakin sortuz). Bereizketa bidez bildutako hondakin kopuruak behera egiten du (2018an sortutako hondakin kopuru osotik % 37 bereizketa bidez bildu zen). Bereizketa bidez jasotako hondakin kopurua 0,44 kg pertsonako eta eguneko izan da, aurreko urteetan baino zertxobait gutxiago (2015, 2016 eta 2017an 0,45 kg izan bait ziren), eta zabortegira eramandako hondakin kopuruak % 3 egin du gora, gora egin duen hirugarren urtea izanik 2007az geroztik, 0,77 kg/pertsona/egun izanik. Materia organikoari dagokiola, orotara 27.731 familiak eta gisa ezberdineko 1.717 saltokik hartzen dute parte edukiontzi berezien bidez hondakin organikoa biltzeko sisteman. Bildutako materia organikoa 5.135.120 kilotara iritsi da; familiek erabilten dituzten kaleko edukiontizetan hondakin organiko gehiago jaso da, 2017an baino % 4 gehiago, baita ekoizle handi batzuetan ere. Gainera, 797 etxebizitzek dute konpostagailu indibiduala eta 110 familiak hartzen dute parte hiriko 10 auzotan abian jarritako auzo-konposta programan.


Kontsultatu datu guztiak albiste honek atxikituta duen dokumentuan, edo atalka hemen.