Berriak

2019/10/15 Erakusketak

'Gaua piztu' erakusketak argiaren kutsadura azpimarratzen du

Gaua piztu erakusketa Astronomia saileko kideek gure lurraldean hartutako astroargazkiekin antolatutako ikuspegia da batik bat. Irudi astronomikoek unibertsoa ulertzen laguntzen diguten leiho susmagaitzak irekitzen dizkigute zeruan.

“Egunez ez dugu argiaren kutsadura sumatzen, baina gauez, hirietako argiek ez digute uzten izarrez betetako zeruen edertasuna hautematen”, adierazi du Txema Hernandez Cristina Enea Fundazioko zuzendariak. Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean egongo da ikusgai erakusketa eta “erakusketa honek askotan ezkutuan dagoen unibertsoaren aurrean begiak irekiaraziko dizkigu, eta helduak zein etxeko txikiak gerturatu nahi ditugu bertara erakusketa bidez zein azarorako antolatu dugun jarduera paraleloarekin”.

Galaxien eta nebulosen argi arinaren pilaketak urruneko paisaiak marrazten ditu; horietan, gasezko eta hautsezko zurrunbiloek izarren bizitza adierazten dute. Aranzadi Elkarteko astroargazkilariek espazioan eta denboran egindako ibilbidea aurkeztu digute. Gure Eguzki-sistematik abiatuta, astroak jaiotzen eta hiltzen diren nebulosetan barneratu eta urruneko galaxiak, seguru asko gure Esne Bidearen antzekoak, begietsiko ditugu.

Baina, irudi ikusgarri horiez gain, Aranzadiko astronomoek hirietan bizi dugun arazo nagusietako bat azpimarratu nahi izan dute: argiaren kutsadura.

Erakusketan bisitariak argiaren kutsaduraren arazoa eta horren aurrean dauden irtenbide posibleak ezagutuko ditu. Erakusketa Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean egongo da ikusgai urriaren 14tik abenduaren 1era bitartean.