Berriak

2018/5/18 Elkarrizketak

Gabriel Biurrun eta Alberto Castro: "Ekosistema baten osasunaren adierazle onak dira armiarmak"

Armiarmak (Araneae) oso araknido ugariak eta anitzak dira. Zetazko arkitektura multifuntzionalen ehule nekaezinak eta ornogabe txikien ehiztari adituak dira, baina baita ezezagun handiak ere, neurri handi batean, eragiten duten errespetua eta beldurraren ondorioz. Gabriel Biurrun eta Alberto Castro adituen eskutik animalia horien ezaugarri nagusiak eta bizimodua ezagutuko ditugu larunbat honetan, maiatzak 19 (10:00, Cristina Enea), deskribapenen, istorioen eta Cristina Eneako parkean bertan egingo dugun behaketaren bitartez. Zenbait ekosistemen oreka lortzeko ezinbestekoak diren animalia hauek askori eragiten dieten beldurrei aurre egiteko jarduera interesgarria, Santos Bregañaren AMARAUNA erakusketaren egitarauaren baitan.

Larunbatean armiarmei burz hitz egiteko solasaldi/tailerra emango duzue... Zertan datza jarduera?
[Gabriel Biurrun] Armiarmak bereizteko ezaugarri gisa balio duten oinarrizko alorretatik amaraun ezberdinetara eta beren erabileretara hedatuko dugu solasaldia. Era berean, eguraldi ona eginez gero, Cristina Eneako parketik zehar irteeratxoa egingo dugu gertu aurki ditzakegun zenbait espezie bereizteko.

[Alberto Castro] Armiarmen munduari eta zetaren erabilerari buruzko sarreratxo bat egingo dugu, eta ondoren parkean zehar ibilalditxoa egingo dugu armairmak bilatzeko, bereizten erakusteko eta aurkitzen ditugun espezieen xehetasunak eta bitxikeriak azaltzeko.

Armiarmak asko gustatzen zaizkizuela jakin badakigu, baina ez da oso arurunta. Jendeak edo maitatu edo gorrotatzen ditu, baina ez dute inor axolagabe uzten. Zergatik dela uste duzue?
[GB] Hala da, bai, armiarmekiko lilura ez dago oso zabaldua. Uste dut ezjakintasunaren eta mitoaren arteko nahasketagatik dela. Alde handia dago pozoia darabilen animalia baten eta gizakiontzat arriskutsua izan daitekeen animalia baten artean. Kontuan eduki beharra dago, armiarma gehienentzat gu lurra bezain interesgarriak garela.

[AC] Mendebalde gizartean, bizi garen honetan, litekeena da herentzia kulturala izatea, armiarmen ohiturei buruzko ezjakintasunarekin batera. Tradizioak on eta gaizto rolak eman dizkie animaliei. Saguzarrekin eta katu beltzekin batera adibidez, armiarmak gaiztoen taldean egon izan dira. Hori ez da gertatzen mendebaldeko mundutik urrun  bizi diren gizarte tribal eta indigenetan, hain justu sarri pozoi indartsuena duten armiarmen leku bertsuetan bizi direnak. Kasu hoietan ez da izaten higuin eta nazkarik, pertsonak ingurunera egokituak egoten baitira, eta jakin badakitelako bertako faunarekin elkarbizitzen, baita armiarmekin ere. Ipar Amerikako Hopi etniarekin, adibidez, hori gertatzen da. Kreazioa ehuntzen duen armiarma onbera bat dute, Eguzkitik sua hartu eta Gizateriari ematen diona.

Gainera, nola izan gintezke axolagabe hain presente dugun animalia batekin? Edonon sarri ikus ditzakegu, baina edo maite dituzu edo gottoro dituzu.

Nondik datorkizu armiarmekiko lilura hori? Bere zer ezaugarrik ematen dizue atentzioa gehien?
[AC] Beno, ni araknofobiatik araknomaniara pasa nintzen. Beraien inguruan informazio pilatzen hasi eta armiarma espezieen aniztasun harrigarriaz jabetu nintzen, bakoitza bere bizimoduarekin, ehizarako estrategiarekin, portaerarekin (animalia ornogabea izateko oso konplexua), ingurunearekiko egokitzapenarekin, sorturiko zetaren egiturarekin, etab. Nolatan ez nintzen "engantxatuko"? Gainera, araknofobia galtzeko prozesua, armiarmen portaera zerk eragiten duen ulertzearekin batera, paraleloki, gertatu zen. Eta mundu hori hain da anitza eta handia, ezen harritzen nauten gauza berriak etengabe ikasten jarraitzen dudala.

[GB] Ez nuen karrera amaituta armiarmekiko zaletasuna piztu zitzaidanean. Nolanahi ere, beti gustatu izan zaizkit zomorro guztiak. Armiarmen inguruan beren taxonomia interesatzen zait, definitzen dituzten ezaugarriak. Baita ere beren portaerari lotutako zenbait alor, hain paziente, beti plan bat jarraitzen balego bezala.

Armiarmen zer ezaugarri jakin beharko genuke balioesten eta baloratzen, gertuagokoak egiteko, beraiekiko beldur gutxiago izan dezagun?
[AC] Lehenik eta behin, gure etsai naturalak ez direla ulertzeko ariketa arrazional bat egitea, kalteak eragin ditzaketen intsektuen (euliak, eltxoak, landare-zorri...) predatzaile baitira. Ondoren, armiarmen pozoiaren eta sortzen duten zetaren ikerketatik eratorritako onura gehigarriak pentsa ditzakegu, botiken eta giza-gorputzarekin bateragarri diren lotura-suturen garapena ahalbidetzen baitituzte, dauden adibide guztietatik soilik bi aipatzearren. Duten portaera behatzeari denbora eskaintzeak ere lagun dezake beraiekiko beldurra eta mesfidantza murrizteko.

[GB] Beren presentzia estimatzen dutenek intsektu gogaikarrien kopurua murrizten dutelako maite dituzte. Hori da beren aldeko puntu garrantzitsuenetako bat. Ekosistema baten osasunaren adierazle onak ere badira armiarmak, eta hori baloratu beharko genuke.


Arañas jarduera, Alberto Castro eta Gabriel Biurrunekin, larunbatean izango da, maiatzak 19, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean (10:00).

Beste albisteak

Berrien zerrendara itzuli