Berriak

2019/3/13 Proiektuak

FruitOndoan, Gipuzkoako gune publikoetako lehen fruta-arbola sarea

Bost izango dira, zehazki, fruta-arbol sortak izango dituzten guneak Donostian. Proiektu berritzaile honek ‘FruitOndoan’ izena du, eta, bere baitan izango dituen zuhaitz guzti-guztiak bertako motak izango dira beti. Cristina Enea Fundazioak sustaturiko ekimena dugu hau, ikuspegi ekologiko, parte-hartzaile eta jasangarri batetik landurik egongo dena uneoro. Proiektu honen bitartez tokian tokiko administrazio, elkarte, erakunde sozial eta ikastetxe pribatu nahiz publikoek ere parte hartzeko konpromisoa sustatu  nahi du fundazioak, zuhaitz-gune horien gutxieneko kontrola ere eurek eginez, modu kolektibo eta esku hartzaile batez.

Gaur, zehazki, bertako sagarrondo barietateen landaketa egin dute bai Cristina Eneako parkean, bai Ibaetako kanpusean, lehen hezkuntzako magisteritzako graduko ikasle eta irakasleekin.

Izan ere, landatutako bioaniztasunaren garrantzian erreparatzeko aukera ederra baita tokian tokiko fruta-arbolak hiriguneetan egotea. Baita hirietako eta inguruetako nekazaritza ekologikoaren garrantziaz konturatzeko ere. Herritarren artean kalean bertan lurralde, ingurugiro eta elikagaien gaien inguruan hausnartzeko tresna praktiko eta interesgarria izatea du xede, hain zuzen ere, ekimenak.

Era berean, proposamen honen izaera kolektiboak gure auzo eta herrialdeen sare komunitarioa indartzeko parada ederra izan liteke. Baita tokiko administrazioen, elkarteen eta erakundeen arteko kooperazioa eta kolaborazioa sustatzeko ere.

‘Erreferentziazko’ elkarte bana arbola-sortako

Gipuzkoar sare aitzindari hau osatzen duen zuhaitz-sorta bakoitzak bere ‘erreferentziazko’ elkartea izango du. Elkarteak gutxieneko jarraipena egingo du, besteak beste, ezer gertatuko ez zaiola ziurtatuko du beti. Baina arbola-sorta horien mantenu eta zaintza, hain zuzen ere, publiko orori zabalik izango diren jardueren bitartez egingo dituzte, hala nola, kimutze-jardunaldiak, uzta kolektiboak eta abar.

Gainera, formakuntza-jarduerez eta lan-sesioez gain, beste mota bateko ekintzak ere aurrikusi ditu fundazioak, esaterako, fruta-arbol sortetara bisitak, fruta-arbol instalazioetara bisitak, klase desberdinen dastaketak eta abar luze bat. Hau guztia ondorengo hilabeteotan zehaztu eta azalduko ditu Cristina Eneak.

Elikadura, lurralde eta iraunkortasunarekin zerikusia duten gaiak direla eta, azken urteotan dezente hazi da hiri-nekazaritzaren inguruko interesa. Herri-baratza komunitaroen ugaritzea mundu osoan zabaldu den fenomenoa dugu, eta, Gipuzkoako herri eta hirietan ere hala gertatu da. Hori dela kausa, gai honen inguruan Cristina Enea Fundazioak ere bere harri-koxkorra jarri nahi izan du: Gipuzkoako gune publikoetako fruta-arbolen aurreneko sarea eratu du, beti ere ikuspegi sozial, komunitario, parte-hartzaile eta ekologikotik.

Donostian 2019an landaturiko arbola-sortak:

-EHU Kanpusa: Amabirjin sagarra, Anis sagarra, Mokatia sagarra, Errezil sagarra, Udazken gozua sagarra, Negu sagar xuria

-Cristina Enea: San Juan sagarra, Santiago sagarra

-Ulia: San Pedro sagarra, San Ignazio sagarra, Peleztrina sagarra, Errezil sagarra

-Ametzagaina: Euskal Herriko hainbat mahaiko sagar motak

-Munto: Sagardorako zenbait sagasti mota