Berriak

2020/8/3 Ingurumen albisteak

Ez elikatu munstroa!

Arazoaren azalpena oso-oso erraza da. Euskadin, urtez urte, 2.400 tona paper-zapi baino gehiago komunetik botatzen dira, eta kopuru hori era esponentzialean hazten ari da. Paper-zapiak ez dira behar bezain azkar disolbatzen, ur-araztegira iritsi aurretik erabat deuseztatuta egon daitezen. Ondorioz, butxadura eta matxura larriak sorrararazten dituzte saneamendu-sarean, eta horien konponketak milioi bat euroko gainkostua ekartzen du urtero. Guztion artean, sistema oztopatzen eta itotzen ari den munstro handi bat sortu dugu.

Zuk ere erantzukizuna duzu
Ez zaigu batere gustatzen atzamarraz salatzen ibiltzea, baina oraingoan ez daukagu beste erremediorik. Zuk ere erantzukizuna duzu arazo honetan. Zuk ere laguntzen diozu munstroari hondakinez elika dadin, paper-zapi bat komunetik botatzen duzun bakoitzean. Bai, bai, oso erosoa dela komun-ontzia edukiontzia balitz bezala erabiltzea, mamitako baten hondarrak, iraungitako sendagaiak, bestelako hondakinak eta, nola ez, munduan diren paper-zapi guztiak txintik esan gabe irents ditzan. Baina gogoan izan, zeuk ikusi ez arren, hondakin horiek ez direla aztikeriaz desagertzen.

Paper zapiak paperontzira!
Seguraski harrituta utziko zaitu konponbidea zein erraza den: ez itzazu paper-zapiak komunetik bota. Jar ezazu paperontzi bat komun-ontziaren ondoan, begien bistan, paper-zapiak komunetik botatzeko tentaziorik izan ez dezazun. Eutsi egun pare batez, har ezazu behar duzun denbora ohitura okerrak aldatzeko. Etxeko hondakinak zentzuz eta ingurumenarekiko errespetuz tratatu besterik ez duzu egin behar. Aurrerantzean, ez elikatu munstroa.

Zer dira urgaineratutako kutsatzaileak?
Gorakako kutsatzaileak eta kutsatzaile emergenteak ere deitzen dira, eta egia esanda, emergente hitz hori garatzeko bidean dauden sektore ekonomikoei, lanbideei zein negozio-ereduei aplikatu ohi zaie, baina zeharo gauza berria da hondakinei aplikatuta irakurtzea. Urgaineratutako kutsatzaileen kategoria honi atxikita daude hiri-eremuetan sortutako etxeko hondakin mota batzuk. Substantzia horiek guztiak azkenaldian detektatutakoak dira, duela urte gutxi batzuk ezin pentsatuzkoak ziruditen zenbait nanogramo litroko detekzio-mailetara iristea ahalbidetzen duten analisi-metodo aurreratuei esker. Kasu askotan, arautu gabeko kutsatzaileak dira, eta ez dugu ezagutzen izan dezaketen eragina. Ondorioz, nekez aurreikus daiteke nolako efektuak izango dituzten osasunaren nahiz uretako ekosistemen gainean.
 
Hondakin urak dira substantzia horiek ingurumenera iristeko sarbide nagusia. Hondakin uren tratamendurako ohiko instalazioak ez daude diseinatuta mikrokutsatzaile horiek deuseztatzeko, eta ondorioz, ezin da bermatu guztiz garbitzen direnik. Besteak beste, iraungitako sendagaiak, detergenteak, janari-hondakinak, olioak, drogak, norberaren zainketarako produktuak eta, nola ez, paper-zapiak. Horiek guztiak urgaineratutako kutsatzaileak dira.


Iturria: http://munstrowc.eus/?lang=eu