Berriak

2018/1/11 Ingurumen albisteak

Europako Ingurumen Agentziak bideo ekologikoen lehiaketa antolatu du

Nola joan zara gaur lanera edo eskolara? Kotxez, nbizikletaz ala garraio publikoan? Egunero ingurumenari eragiten dioten erabakiak hartzen ditugu. Egunero hartzen ditugun erabaki horietako batzuk ingurune garbiago eta osasuntsuago batean bizitzeko nahita hartutako ekintzak dira. Europako Ingurumen Agentziak eta bere bazkide-sareak antolatutako «I LIVE GREEN» bideo-lehiaketak europar guztiak gonbidatu nahi ditu beren sormena erakustera eta ingurumenari laguntzeko ekintzak partekatzera. Bideo onenek diru-sari bat eskuratuko dute.

Jaten eta erosten dugunak, leku batetik bestera mugitzeko moduek edo gure etxea berotzeko erabakiek, bai eta bestelako hainbat erabakik, handiak zein txikiak, eragina dute ingurumenarengan eta gure osasunarengan. «I LIVE GREEN» bideo-lehiaketan Europako biztanleek beren ekintza ekologikoak parteka ditzakete bideo laburren bidez, bideoklip onenak aukeratu edota besteak inspiratu gauza bera egin dezaten.

Bizitzako ia edozer esparrutan oinarritutako bideoak egin daitezkeen arren, «I LIVE GREEN» lau alorretan oinarritzen da:

Elikadura jasangarria
Elikagai nutritiboak beharrezkoak dira bizitza osasungarria edukitzeko. Nolanahi ere, elikagaiak ekoizteko ezinbestekoak dira lurra eta ura bezalako baliabide baliotsuak. Janaria alperrik botatzean, alperrik botatzen ditugu baita ere baliabide horiek. Gainera, pestizidek eta ongarriek lurrari eta lurrazpiko urari eragin diezaiekete. Zer egiten duzu zure janari-plateraren ingurumen-inpaktua murrizteko?

Aire garbia
Hainbat jarduera ekonomikok, garraioak eta nekazaritzak esaterako, kutsagai atmosferikoak isurtzen dituzte. Hala ere, gure eguneroko ohiturek airearen kalitatea, gure osasuna eta bizi-kalitatea hobetzen lagun dezakete. Zer erabaki hartzen dituzu aire garbiagoa edukitzea ahalbidetzen dutenak?

Ur garbia
Gure laku, ibai eta itsasoek presio handia jasaten dute klima-aldaketaren eta kutsaduraren ondorioz. Europako hainbat lekutan, berreskuratu daitezkeena baino azkarrago erabiltzen ditugu lurrazpiko ur-erreserbak. Horrek ingurumenean eta gure osasunean eragin zuzena dauka. Nola lagun dezakegu  baliabide-hidriko horiek garbi eta kutsadurarik gabe edukitzen?

Hondakin minimoak
Erosten dugunak, sarri, bizitza mugatua izan ohi du baina badaude bideak zabortegian amai ez dezan. Agian berrerabilpen, konponketa edo birziklatze adibide on bat parteka dezakezu?

Kontsultatu lehiaketaren oinarriak eta parte hartzeko moduak «I LIVE GREEN» webgunean.

Egutegia
Proposamenak jasotzen hasteko epea: 2017ko abenduak 1
Proposamenak aurkezteko azken eguna: 2018ko martxoak 31
Bozka publikoaren irekiera: 2018ko maiatzak 1
Bozka publikoa emateko azken eguna: 2018ko maiatzak 31
Irabazleak iragazrteko eguna: 2018ko ekainak 5

Sariak
Kategoria bakoitzeko irabazleek (elikadura jasangarria, aire garbia, ur garbia eta hondakin minimoak) 1.000 euroko diru-saria eskuratuko dute. Publikoaren saria, online emandako bozka bidez emango dena, 500 eurokoa izango da.

Beste albisteak

Berrien zerrendara itzuli