Berriak

2020/5/6 Eskolan KonpostaHaurrakKoronabirusaONdakin

Etxeko hondakinen kudeaketa eraginkorra

Etxebizitzetako kontsumoaren hazkundea eman da azkeneko aste hauetan. Egunerokotasunean, gure bizimoduaren arabera otordu asko etxetik kanpo egiten genituen. Lantokian, ikastetxeetan, jatetxe eta tabernetan zein gure kaleetan egunero zenbat hondakin sortzen genuen. Orain gure eguna etxean eman behar dugunez, etxebizitzetako kontsumoa igo da.

Honez gain, COVID19a dela eta hondakinen kudeaketan neurri bereziak hartu dira. COVID-19arekin kutsatuta edo berrogeialdian dauden herritarrek hau egin beharko zutela iragarri zen: euren hondakinak beste inor arriskuan jarri gabe Udalak bildu ditzan: gelan hondakin guztiak poltsa hermetiko batean sartu; gelatik atera aurretik, poltsa hori itxi eta beste poltsa batean sartu; azkenik, bigarren poltsa hori gainontzeko errefusaren poltsan sartu eta atera.

Gaixotutako pertsonen hondakin guztiak birziklatu gabe errefusara bideratu behar izan dira eta hainbat lekutan hondakin organikoaren bananketa gutxitu da. Alde batetik kutsatzeko beldurragatik eta, bestetik, poltsa konpostagarriak eskuratzeko zailtasunagatik (biztanleentzako arazo bezala ezin da kalifikatu, supermerkatu gehienetan poltsa konpostagarriak eskura daitezkelako).

Gaikako bilketa bultzatu nahian, Cristina Eneako hezkuntza departamentuak adin guztietarako balio duen poster bat argitaratzea erabaki du (2 urteko haur batek eta 99 urteko norbaitek ulertzeko moduko posterra). Ikastetxeetan izan duen arrakasta eta gero etxera moldatutako irudian, familiko edozein kidek hondakinak ondo birziklatzeko gai izango da.

Fundazioako hezkuntza departamentutik irizpide erraz batzuk ere zabaldu dituzte:

- Produktuak erosteko garaian, zenbat hondakin sortuko duen pentsatu, ontziratu gabeko produktuak erosten saiatu eta supermerkatura norberaren poltsak eraman.

- Hondakin bat bota baino lehen, berrerabili daiteken pentsatu. Ontziekin haurrek jostailuak edo eskulanak egin ditzakete adibidez.

- Hondakina sortu eta hontaz desegiten garenean, zein edukiontzira bota behar dugun pentsatu (errazena errfusara botatzea da baina hondakinen %90 baino gehiago birziklatzeko moduan egongo da.

- Sortutako hondakinak janariarekin zikinduta badaude, hauek bota baino lehen garbitu.

- Produktu bat material ezberdinez osatuta badago eta material hauek banandu badaitezke, material bakoitza dagokion edukiontzira bideratuko da. Banandu ezin badira, errefusara.

- Askotan beira eta kristala nahasten ditugu, eta berdin erabiltzen ditugu, baina ez dira berdinak! Garrantzitsua da beiraren eta kristalaren arteko desberdintasunak ezagutzea, horiek bereizteak asko lagunduko baitigu birziklatzen. Beira den ziurtatu eta edukiontzi berdera botako dugu. Bestalde, beira bada kaxa batetan gorde eta garbigunera eramango dugu. Oso gutxi bada, errefusara bideratuko dugu.

- Hondakin organikoak bereiztera animatu. Gertuko udalerri guztietan, gaikako bilketa edo atez ateko sistema erabiliz, biztanleriak hondakin mota hau ondo birziklatzeko aukera du. Eta nahiz eta terraza edo berdegunerik ez izan, etxean egon beharreko aste hauetan ideia ona da haurrekin konpostaren prozesua ezagutzea. Lorontzi baten bidez edo kubo bat erabiliz, fruta-hondarrak aprobetxatuz eta lurrarekin nahastuz naturarekin kontaktua izateko aukera polita da.

- ADI! Eskularruak eta maskarak errefusara botako dira. Supermerkatu handietako aparkalekutan eta kaleetan lurrean botatako material hauek aurkitu dira eta naturari kalte egiten diete.

Zuen sukaldeetan gure posterra jartzera animatzen zaituztegu. Denon artean natura zaintzea lortuko dugu eta.