Berriak

2020/12/1 Ingurumen albisteak

Erretzera gerturatzen gaituen gradu erdia

Erantzunen bila abiatuko gara liburua aletzera eta laster ikusiko dugu ez dagoela erantzun argirik. Munduko Metereologia Erakundearen arabera, azken hamarkada inoiz erregistratutako beroena izan da. 2015ean Parisko Hitzarmena sinatu zuten 195 herrialdek, mende amaierarako bi graduko igoerara ez iristeko helburuarekin. Hori lortzeko, 2010etik 2030era atmosferara isurtzen diren berotegi gasak laurden bat gutxitu behar dira eta 2070erako zero netoko isurketa beharko litzateke, hau da, atmosferak isurtzen dena gordetzeko duen ahalmenaren adinako kopurua. Planeta dagoeneko industria aurreko garaian baino 1,1 gradu beroago dago eta uste da mende bukaerarako 2 graduko igoera ere eman daitekeela. Helburua litzateke ez igotzea 1,5 gradutik gora, ekosistemetarako eta klima aldaketarako alde handia baitago 1,5 edo 2 gradu igotzea.

Zein da arazo nagusia? Gaur gaurkoz, herrialde kutsatzaileenak ez direla Parisen jarritako helburuak betetzen ari; areago, herrialde batzuek, tartean AEBek, Australiak eta Brasilek boikot argia egin izan diote Parisen finkatutakoari. Valerie Masson-Delmott da Klima Aldaketarako Gobernuarteko Adituen Taldeko goi-karguetakoa eta, bere ustez, “jadanik izandako berotzea atzera-bueltarik gabekoa da, itsasoak xurgatu egin duelako energia gehigarri horren %90, eta milaka urtez iraungo duelako bero horrek bertan”. Bere aburuz, beraz, etorkizuneko berotzea saihetsezina da eta egin beharreko ahalegina klima egonkortzeko da, berotegiko gas isurketak ezinbestean murriztuz. Horretarako, dio berak, “zehar lerro begirada bat ezinbestekoa da. Ministerio guztien politikek koordinatuta egon behar dute. Elikaduraz, osasunaz, nekazaritzaz, hezkuntzaz hartzen diren erabakiek kontuan eduki behar dute klimaren auzia”.

Gradu erdiko koska
Gai hauez kezka duen ia edozein herritarrek badu oso arduratutako egoteko hamaika arrazoi, planetaren berotzea ekiditea 2015etik gaurdaino aipatu ministerio horietan –edo pareko kontseilaritzetan– izan diren aldaketetan oinarritu behar bada. Elisa Sainz de Murieta Basque Center for Climate Changeko ikertzailea baikorragoa da zorionez, zaila izanik ere “1,5 graduko igoera eskura” ikusten du. Zenbaki magiko hori gainditzekotan, gradu hamarren bakoitza giltzarri dela dio eta 1,5 igoeran gelditzea posible ez balitz ere, “1,6an edo 1,7an geratzea lortu beharko litzateke”.

Zein da aldea? Bada, gordin esanda, aldea txarra eta oso txarraren artekoa da: bi graduko igoerarekin uholde arriskua %170 haziko da, eta 1,5 gradurekin %100. 1,5 gradurekin 20 urtean behin 2.000 milioi pertsona muturreko bero boladen menpe izango da, eta 2 gradurekin 3.300 milioi pertsonak denbora berean muturreko beroa jasango dute. Bi graduko berotzeak munduko koral uharri guztiak desagerraraziko lituzke, 1,5ekoak haien %70a “bakarrik”. 2 graduk artikoko izotza 10 urtean behin urtuko luke, 1,5ek 100 urtean behin. Petxarromanek zerrenda apokaliptiko amaigabea eskaini digu bere liburuan, baina baita estuki besarkatzeko heldulekurik ere, esaterako Sainz de Murietaren hitzok: “Uste dut inportantea dela adieraztea posible dela, bestela jendeak etsi egin dezake eta”.

Dagoeneko, ordea, ez da bakarrik “zer datorren!”, hori bezain larria da “zer egin dugu!”. Klima aldaketaren kapituluan jadanik gauzatutako sarraskiaren neurria eskaintzen da. Pirinioetako glaziarrak: 1850ean 2.000 hektarea betetzen zituzten, gaur egun 242. Pirinioan 1,5 graduko igoera eman da dagoeneko. 2018an Nature aldizkarian agertutako ikerketaren arabera, 1961etik 2016ra 9.600 gigatona izotz galdu da munduko mendietako glaziarretan (gigatona bat da mila milioi ur tona edo kilometro kubo bat ur). Horrek bakarrik eragin du jada itsasoaren 2,7 zentimetroko igoera. Zazpi milioi kilometro koadroko hedadura zuen izotzak 1980an eta 4,6 kilometro koadro 2018an. Baina gaur egun, egoera larriena Groenlandiakoa da, hangoa da itsasora doan izotzaren %25, %20 mendi glaziarretakoa, eta %10-11 Antartikakoa.

NBEko Bioaniztasunerako eta Ekosistema Zerbitzuetarako Plataformak 2019an aurkeztutako txostenaren arabera, planetako 8 milioi espezietatik milioi bat galtzeko arriskuan dago. 2019an 24 milioi hektarea baso desagertu ziren munduan. Baliteke bost hamarkadaren buruan desagertzea Amazoniako oihana. 2019an gertakari meteorologikoek 22 milioi barne migratzaile eragin zituzten, eta mende amaierarako 250 milioi aurreikus daitezke.


Jarraitu jatorrizko albistea irakurtzen hemen.