Berriak

2020/2/27 Ingurumen albisteak

Ekonomia zirkularra tokiko esparrutik sustatzeko gida

Udalsarea 2030en Ekonomia Zirkularraren Taldeak landutako gidaren helburua da ekonomia zirkularraren kontzeptua hedatzea eta orientabide praktikoak ematea tokiko esparruan, batez ere arduradun politikoei eta pertsonal teknikoari, ekonomia zirkularra zenbait mailatan  bultzatzeko eta sustatzeko, bai administrazio publikoaren eremuan bertan eta bai haren inplementazioa gizarte- eta enpresa-ehunean erraztuz.

Bere lehenengo blokean, argitalpenak ekonomia zirkularraren kontzeptua aurkezten du, eta baita Europa, Estatu eta Euskadiko estrategia nagusiak ere. Halaber, tokiko esparruak haren bultzadan jokatzen duen rola zehazten duen hitzaurre bat dauka. Ekonomia zirkularraren helburua da produktu, material eta baliabideen balioa ekonomian ahalik eta denbora luzeenean mantentzea eta ezin aprobetxatu daitezkeen hondakinen sorrera ahalik eta gehien murriztea. Era horretan, material eta produktuen iraunkortasunaren eta haien balio-bizitzaren luzapenaren alde egiten da, eta baita konponketaren, berrerabilpenaren eta hondakinen birziklapenaren alde ere.

Lan-koaderno horren helburua da ekonomia zirkularraren kontzeptua hedatzea eta orientabide praktikoak ematea tokiko esparruko arduradun politikoei eta pertsonal teknikoari

Bigarren blokeak jarraibide, urrats eta aholku praktikoak eskaintzen ditu tokiko erakundeak jarduten hasi daitezen eta ekonomia zirkular eta berdea euren lurraldean bultzatu dezaten, kontuan hartuta tokiko eta eskualdeko agintaritzek funtsezko rola jokatzen dutela ekonomia zirkularrera daraman trantsizioa hiri eta lurraldeetan abiatzeko eta azkartzeko zereginean.

Azken blokean, berriz, ekonomia zirkularraren alorrean izandako esperientzia arrakastatsuen eta ekimenen adibideak aurkezten dira, bai Euskadikoak, bai beste autonomia erkidegokoak eta bai Europakoak edo munduko gainerako herrialdeetakoak ere.

Jardunaldiaren azken partean zenbait ekimen aurkeztu dira, hala nola Gasteizko Udalaren Ekonomia Sustapen Sailaren Ekonomia Zirkularraren Plana; Debegesa Eskualde Garapeneko Agentziak Debabarreneko Ekonomia Zirkularraren Agendaren negozio-aukerak aurkeztu ditu; Amurrioko Udalaren Ingurumen Sailak eta Amurrio Bidean-ek, berriz, AmurrioEKOiztu ekimena azaldu du, hots, herri horretako ekologia industrialeko eredu bat definitzeko proiektua.


Iturria: Udalsarea2030