Berriak

2018/5/15

Donostiako III. Bioeraikuntzaren Astea kalera aterako da arnasten dugun aireagatik kezkatuta

Badakigu zer aire arnasten dugun? Horixe da aurten Kursaal Green-ek, Cristina Enea Fundazioak eta Kutxa Ekoguneak antolatutzen duten Donostiako Bioeraikuntzaren Asteak botatzen duen galdera, bere hirugarren edizioan. Bere helburua da ezagutzera ematea arnasten dugun airearen kalitateak, eraikin barrukoak nahiz kanpokoak, gure osasunean eta jardunean.

Fraunhofer IBP-k eginiko azterketa baten arabera, Europan 84 milioi lagun inguru hezetasuna duten etxebizitzetan bizi dira. Ondorioz, 2,2 milioik asma pairatzen dute, etxebizitza osasungaitzetan bizi baitira, hezetasunekin eta lizunekin. Datu hori inpaktu ekonomikora badaramagu, Europako gobernuek 82.000 milioi euro gastatzen dituzte urtero asma eta biriketako buxadurek eragindako gaitz kronikoak direla-eta, horietatik 42.000 milioi botikak eta zaintzak bezalako kostu zuzenak izanik, eta gainontzekoa ekoizpen-galerari lotutako zeharkako kostuak.

Eraikin berrien diseinu egokia, eraikitako eraikinetan energia-birgaitzeak egitearekin eta etxebizitzen aireztatze egokia ahalbidetzearekin batera, hezetasuna eta lizuna agertzea saihestuko luketen neurriak dira. Datu bat, neurri horiek 2050 baino lehen hartuko bagenitu, arnas-bideetako gaitzak dituzten pertsona kopurua %25 murriztuko litzateke.

Karpa bat Donostia erdigunean
Donostiako III. Bioeraikuntzaren Asteak dakarren berrikuntza nagusia bere kokapena da. Aurten antolakuntzak kalera ateratzea erabaki du, eta 100 m2 baino gehiagoko karpa bat jarriko da Okendo plazan, Maria Cristina hotelaren eta Victoria Eugenia antzokiaren artean. Karpa jendearentzat irekita egongo da maiatzaren 17tik 19ra eta 3 egun iraungo duen egitarauaren baitan dauden jarduerak bertan izango dira. Sarrera doakoa izango da eta bertan hitzaldiak izango dira, bai eta erakusketa zabal bat, bisita gidatuekin, gure hiriak eraikitzeko material naturalak, informazio-panelak, artikuloak eta ikerketak bilduko dituena, dena airearen kalitateari lotuta. Guztia, azken urte hauetan Kursaal Green-ek eginiko hainbat azterketa oinarri hartuta.

Arnasten dugun aireari buruzko hitzaldiak
Donostiako Bioeraikuntzaren Asteak hiru hitzaldi ireki antolatuko ditu karpan bertan. Irekiera-hitzaldia Kursaal Green-eko jasangarritasun arduradun Marta Epeldek eskainiko du, maiatzak 17an, osteguna, 18:45ean. “¿Sabes qué aire respiras? Vivir en una vivienda con humedad y moho” izenburuarekin Martak erakutsiko du nola etxebizitzek, batik bat gure klimarekin, hezetasun eta lizun arazoak izaten dituzten, bai eta aireztatzearen ondorioz etxe barruko aire kalitatea desegokiak eragindako arazoak ere. Era berean, aire kalitate eskas batek, CO2 kontzentrazio altuekin batera, eraikin eta etxebizitza horietan bizi diren pertsonen osasunean zuzenean nola eragiten duen azalduko du.

Ostiralean, 18:30ean, karpan baita ere, Lexuri Yurrebasoren txanda izango da. Yurrebaso Tecnaliako Energia eta Ingurumena Saileko teknikaria da eta gure hirietako aire kalitatea nolakoa den eta gero eta sarriago albistegietan horri buruz zergatik hitz egiten den azalduko du. Euskadiko airearen kalitateari buruzko datuak emango ditu eta egoera ulertzeko hiri handiekin alderatuko ditu. Mugikortasun jasangarria eta hiri garbiagoak lortzeko bestelako zenbait alor ere hizpide izango ditu. Bere hitzaldiaren izenburua izango da “¿Sabes qué aire respiras? ¿Cómo es la Calidad del aire en nuestras ciudades?”.

Hitzaldi eta solasaldien zikloari amaiera María Figolsek emango dio larunbatean. Figols Espainiako Baubiologie Institutuko Presidenteordea da eta “¿Sabes qué aire respiras? Cómo los tóxicos de los materiales pueden afectar en el interior de las viviendas” izeneko hitzaldia eskainiko du. Europar Batasuna eraikuntza materialen alorrean (pinturak, bernizak…) garatzen ari den gai toxikoen murrizpen-politikak azalduko ditu Maríak. Nolanahi ere, gure eraikinak egiteko erabilitako materialek, edo etxe barruko altzari eta ehunek, osasunari eragindako kalteak oraindik ez dira oso ezagunak. Material naturalak edo osagaien azalpen gardena duten materialen erabilera gure etxeetan gai toxiko gutxiago sartzeko modu bat izan liteke. Etxebizitza eta eraikinetan dauden gai toxikoenak zeintzuk diren ere ikasiko dugu hitzaldian.

Material naturalak ikusi eta ukitu
Jardunaldiak iraungo duen hiru egunetan, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara egongo da irekita jendearentzat karpa, bioeraikuntza-erakusketa bat izanik barruan, gure etxebizitzen birgaitzeetan erabili daitezkeen material jasangarri, ekologiko eta osasuntsuekin osatua. Informazio-panelek, artikuluek eta ikerketek osatuko dute erakusketa.

Bisita teknikoak profesional eta ikasleentzat
Bioeraikuntzaren Astearen baitan hainbat bisita tekniko egingo dira, profesionalei eta ikasleei zuzenduak, erakusketa modu zehatzagoan ezagutu ahal izateko. Bisita gidatu teknikoetan izena emateko 695 226 233 zenbakira deitu beharra dago.

Egitaraua
Maiatzak 17, osteguna
18:00 Herritarrei zuzendutako Bioeraikuntzaren 3. Astearen irekiera eta Bioeraikuntza-materialen erakusketaren inaugurazioa.

18:15 Hitzaldia eta solasaldia. “¿Sabes qué aire respiras? Vivir en una vivienda con humedad y moho”. Marta Epelde, Kursaal Green – Bioeraikuntza Aholkularitza

20:30 Karparen eta erakusketaren itxiera

Maiatzak 18, ostirala
10:00 Karparen eta Bioeraikuntza materialen erakusketaren irekiera.

10:30 Bioeraikuntza materialen erakusketara bisita teknikoa ikasleentzat (aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da 695 226 233)

11:30 Bioeraikuntza materialen erakusketara bisita teknikoa profesionalentzat (aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da 695 226 233)

17:00 Bioeraikuntza materialen erakusketara bisita tekniko irekia herritarrentzat (iraupena 30 min.)

18:30 Hitzaldia eta solasaldia. “¿Sabes qué aire respiras? ¿Cómo es la Calidad del aire en nuestras ciudades?”. Lexuri Yurrebaso, Tecnaliako Energia eta Ingurumena Saila

20:30 Karparen eta erakusketaren itxiera

Maiatzak 19, larunbata
10:00 Karparen eta Bioeraikuntza materialen erakusketaren irekiera.

11:30 Hitzaldia eta solasaldia. “¿Sabes qué aire respiras? Cómo los tóxicos de los materiales pueden afectar en el interior de las viviendas”. María Figols, Espainiako Baubiologie Institutuko Presidenteordea.

17:00 Bioeraikuntza materialen erakusketara bisita tekniko irekia herritarrentzat (iraupena 30 min.)

18:00 Bioeraikuntza materialen erakusketara bisita tekniko irekia herritarrentzat (iraupena 30 min.)

19:30 Karparen eta erakusketaren itxiera