Berriak

2018/10/17 Bizikletaren BehatokiaIraunkortasunaren Behatokia

Donostiako bizikleta bidezko mugikortasunari buruzko argitalpen berria

Cristina Enea Fundazioko Iraunkortasunaren Behatokiak izenburu berri bat gehitu du bere Apunte Koadernoak bildumara, oraingoan Donostiako bizikleta bidezko mugikortasunari eskainia, azpiegiturak eta herritarren ohiturak eta pertzepzioak aztertuz.

Horrela, argitalpen berriakbizikleta-aparkalekuen okupazioaren diagnostikoa eta erabiltzaileen pertzepzioaren analisia egiten du, besteak beste. Honetarako, Donostiako hiru hondartzen (Kontxa, Zurriola eta Ondarreta) inguruak ikertu dira udan. Batetik, ingurune horietan guztira dauden bizikleta-aparkalekuak eguneratu dira eta, bestetik, jendeak bizikleta aparkatzean duen portaera behatu da.

Bestalde, garrantzi handikoa izan da aztertzea bizikletan ibiltzen diren pertsonek zer iritzi duten ibilgailu horri buruz eta hiriari buruz. Horretarako, zenbait alderdi hartu da kontuan, hala nola bizikleta-bideak eta bide-sarea, ahalmenak eta zailtasunak, azpiegiturak, beste mugikortasun modu batzuekiko elkarreraginak edo gai honen inguruko zerbitzu publikoak (bizikleta publikoak edo bizikleten udal-erregistroa).

Lan honetan bi azterketa-esparru bereizi dira, eta, helburuak kontuan izanik, bi hipotesi hauek egiaztatu nahi izan dira:

Batetik, bizikleta-aparkalekuen erregistroari eta erabilerari dagokionez, jendeak bizikleta helmugatik ahalik eta hurbilen aparkatzeko ohitura du. Udan, hondartzen aurreko bizikleta-aparkalekuak betetzen dira, eta, horren ondorioz, bizikletak hiri-altzarietan ere aparkatzen dituzte (habeetan, zuhaitzetan, barandetan, eserlekuetan…).

Bestetik, adin guztietako gero eta jende gehiagok bizikleta erabiltzen duenez gero, pertsona horietako askok ez ditu ezagutzen hiriko bizikleta-sarearen ezaugarriak, ezta bizikletan zirkulatzeko arauak eta ibilgailuak bete beharreko baldintzak ere (txirrina, argia, kaskoaren erabilera...). Erabiltzaile askok ez du ezagutzen, oro har, bizikleta-kultura. Hori dela eta, pertsona batzuek gizalegezko portaera izaten dute arren, beste batzuek ez dute horrelako portaerarik izaten. Izatez, gerta daiteke azken horiek arauak ez ezagutzea, edota indibidualismoak bultzatuta halako jokabidea izatea. Era berean, eragina du jendeak onezkoen ohitura izateak, hau da, espaloitik ibiltzeak —ibilgailu motordunez bereizita— edo biderik laburrena bilatzeak. 

Bizikleta bidezko mugikortasuna Donostian barrena: azpiegituren eta ohituren analisia eta biztanleriaren pertzepzioa izeneko Apunte Koadernoa, bildumako gainerako izenburuekin batera, eskuragarri dago kontsultatzeko eta deskargatzeko Cristina Enea Fundazioaren webgunean, Iraunkortasunaren Behatokiaren atalean.