Berriak

2020/5/26 ErakusketakKoronabirusa

Cristina Eneako oroitzapenak eta bizipenak biltzen

Datorren udan, Cristina Enea Fundazioko erakusketa-proiektuen arduradunak, Eneko Calvok, Cristina Brunetti Mandasko dukesari buruzko erakusketa bat inauguratzeko asmoa zuen, baina Covid-19aren krisiak erakusketa atzeratzera behartu du. Hala ere, Enekok Cristina Enea finkaren azken jabeei buruzko dokumentazioa biltzen eta bibliografia kontsultatzen jarraitzen du. "San Telmo Museotik, Ferminek Cristinari bidalitako 2.000 gutun biltzen dituen artxiboa helarazi digute. Mandasko dukeak hobeto ezagutzeko dokumentazio bikaina da ", esan du Calvok, eta gaineratu du gutun horietan "Cristina Enea eraikitzen nola joan ziren, inguruko finkak nola erosi zituzten eta gaur egun Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxea eta Cristina Enea Fundazioaren egoitza den jauregia nola eraiki zuten" deskubritzen ari dela.

Artxibo epistolar garrantzitsu hori, bildutako beste dokumentu ugariez gain, material garrantzitsua izango da Mandasko dukesari buruzko erakusketa antolatzeko orduan. Erakusketa uda honetan inauguratu behar zen, baina Covid-19aren ondorioz, gerorako utzi beharko da. "Dukeek Donostiari eta Cristina Eneari buruz dituzten oroitzapen eta bizipenen bilduma da. Baina haratago joan nahi genuke, eta donostiarrek parkeari buruz dituzten esperientziak ere jaso, batez ere pertsona helduenak". Hala, Calvok Cristina Enea Fundaziora argazki zaharrak, pasadizoak, bizipenak, gutunak edo parkeak pertsona bakoitzarentzat zer suposatzen duen kontatzen duen edozein material bidaltzeko gonbita egiten die herritar guztiei. "Cristina Enea inoiz bisitatu duten pertsonen esperientzia horiek guztiak biltzea gustatuko litzaiguke, batez ere adinekoenak, parkea ezagutu dutenak eta bertan esperientziak eta bizipenak dituztenak". Horretarako, materiala partekatu nahi dutenek dokumentazioa cristinaenea[a bildua]donostia [puntu]eus helbidera edo fundazioaren WhatsApp-era (660 843 154) bidali ahal izango dute.