Berriak

2017/11/9 Cristina Enea FundazioaONdakinProiektuak

Cristina Enea Fundazioaren eta Ecoembesen arteko hitzarmena

Espainian ontzien birziklaketa kudeatzen duen ECOEMBES ingurumen-erakundearen eta Cristina Enea Fundazioaren artean apirila amaieran sinatutako elkarlan hitzarmenaren ondorioz sortu da ONdakin egitasmoa. Bere helburua da esparru ezberdinetan hondakinak egoki bereizteko ikasleak eta familiak hezi eta sentsibilizatzea, horrela birziklatze mailak handituz. 

ONdakin egitasmoaren bidez fase piloto bat abian jarriko da Donostiako 30 ikastetxe ingurutan. Ekimen horri esker ikasleek, baina baita irakaslegoak ere, informazioa eta formakuntza jasoko dute hondakinak egoki eta bereizita jasotzearen garrantziaz, batik bat ontzi arinak (edukiontzi horikoak) eta papera eta kartoia (edukiontzi urdinekoak), horrela eginez %100etik gertu dagoen hondakinen gaikako bilketa maila lortuz ikastetxeetan. Ikastetxe horietako askotan gainera, materia organikoa ere bereizita biltzen ari dira jada, bai eta ondoren konposta egiten ere ikastetxean bertan, Eskolan Konposta! Egitasmoari esker.

Ekimenaren izenak berak, ONdakin, hondakin mota guztiei dagokien balioa ematearen garrantzia azpimarratzen du, ‘ON’ (euskaraz ona esan nahi du, baina baita zerbait abian jartzea edo piztea ere) eta ‘hondakin’ hitzak uztartzen baitut. Horrela, hondakinak egoki bereiztearen garrantziaren inguruan kontzientziatu eta sentsibilizatu nahi du egitasmoak, ondoren birziklatu ahal izateko.

ECOEMBESek eta Cristina Enea Fundazioak, egitasmoan aktiboki parte hartzen duen San Markos Mankomunitatearekin batera, ikastetxeetako birziklatze maila hobetu nahi dute, bakoitzaren egoeraren azterketa eginez, eta bakoitzari beren beharretara hobekien egokitzen diren tresnak eta soluzioak eskainiz.

Horrela, apirilean egitasmoa abian jarri zenez geroztik, aurretiazko hiru fase garatu dira ikastetxeak hondakin guztien bereizketaren egoera berrira egokitzeko:

  1. Bisita teknikoak ikastetxeetara egoeraren diagnostikoa egiteko, hondakinen bereizketari eta bilketari dagokionez.
  2. Hobekuntza plana erredaktatzea, ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzarekin kontrastatzeko
  3. Hondakinak biltzeko materiala kokatzea (edukiontziak) ikastetxeetan.

Urritik aurrera, ikasturte berriaren hasierarekin batera, hezkuntza-komunitate osoari zuzendutako sentsibilizazio fasea garatzen ari da. Horretarako, Cristina Enea Fundazioak jarduera didaktiko sorta bat diseinatu du, dagokion materialarekin batera, Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleentzat. Modu osagarrian, ikastetxeko langilego guztiarekin ere lan egingo da, irakasle nahiz bestelako langileak, hondakin bakoitza nola eta non birziklatzeak sor ditzakeen zalantzak argitzeko, eta familiei zuzenuta ikuskizun didaktiko bat ere antolatuko da.

“Ecoembesentzat berebiziko garrantzia dauka txikienen kontzientziazioan lan egiteak, sarri beraiek direlako ingurumena zaintzeko eta errespetatzeko balio nagusiak etxean transmititzen dituztenak. Beharrezkoa da beren burua ikustea guztiok murgilduta gauden misio baten parte, alegia, gure natur-ingurunearen zaintza, non birziklaketak berebiziko garrantzia duen, adierazi du Ecoembes Euskadiko arduradun Jose Arrancudiagak.

Cristina Enea Fundazioko zuzendari Txema Hernandezek berriz, gaineratu du “txikienen ingurumenarekiko kontzientziazioa eta sentsibilizazioa sustatzea bezain garrantzitsua da lan hori nola egiten den. Horregatik, ideal horiek modu natural eta errazean barneratzea ahalbidetzen duten izaera didaktiko sakona duten materialak eta jarduerak izango ditu ONdakin egitasmoak”.

ONdakin egitasmoari buruzko informazio guztia, bai eta irakasle eta ikasleentzako material osagarri guztia euskaraz eta gazteleraz eskuragarri dago Cristina Enea Fundazioaren webgunean, ONdakin proiektuari dagokion atalean.


Irudian Txema Hernadez, Cristina Enea Fundazioko zuzendaria, eta José Arrancudiaga, Ecoembes-Euskadiko ordezkaria.