Berriak

2019/12/13 Cristina Enea FundazioaHamargarren urteurrena

Cristina Enea Fundazioaren 10. urteurreneko ospakizunekin amaitzeko jai instituzionala

Atzo Cristina Enean ospatu zen jaiak hainbat pertsona ospetsu eta ordezkari instituzional bildu zituen, Cristina Enea Fundazioaren hamar urteko ibilbidean ingurumen-erakundearekin nolabaiteko harremana izan dutenak (edo mantentzen dutenak). Hala, Odon Elorza eta Juan Karlos Izagirre, biak Donostiako alkate ohiak, eta, beraz, Cristina Enea Fundazioko presidenteak, eta Eneko Goia egungo alkate eta Presidentea, izan ziren festan.

Ekitaldia jai giro lasaian ospatu zen, eta bertan izan ziren Mandasko dukeak, Cristina Brunetti eta Fermin Lasala, aktore banak interpretatuta. Aktore horiek Cristina Enea Fundazioaren egoitza dagoen jauregian bizi izandako urteak gogoratu zituzten, eta ibilbide luzea opa zioten erakundeari.

Hiru alkateek hartu zuten hitza, fundazioaren hastapenak eta orain arte egindako bidea gogoratzeko. Odon Elorza lehen presidenteak gogoratu nahi izan zuen fundazioa eratzeak eta parkea eraberritzeak izan zituen “traba eta zailtasunak, baina azkenean, 10 urte geroago, merezi izan zuela ikusi dugu”.

Bestalde, Juan Karlos Izagirrek, Cristina Enea Fundazioko bigarren presidenteak, azpimarratu nahi izan zuen “bere agintaldian fundazioaren testuinguruan ilusio gehien egin zion ekintza Ulia Interpretazio Zentroaren irekiera” izan zela. Horrez gain Izagirrek nabarmendu egin zuen Cristina Enea Fundazioak “ingurumenarekiko kontzientziazioan eginiko lana”.

Azkenik, gaur egungo Donostiako alkate eta Cristina Enea Fundazioko lehendakari Eneko Goiak adierazi zuen azpimarragarria dela hiru alderditako alkateak gaur hemen elkartu izana “desberdintasunak desberdintasun hirurok ados gaudelako urteurren hau ospatzeak merezi duela”, eta aurreko bi alkateek eginiko lana txalotu zuen.

Bertan izan ziren, besteak beste, Denis Itxaso eta Maite Arana (Gipuzkoako Foru Aldundia sorreratik fundazioaren patronoaren izenean), Josean Ercilla (Añarbeko Urak-en ordezkari gisa, egungo kolaboratzaile iraunkorra), Igor González (dBus), Kepa Korta (Plan Estrategikoko Bulegoko zuzendaria), Garbine Etxezarreta (Kutxa Ekogunea) edota Iñaki Urrizalki (URA Agentziako zuzendari ohia), bai eta udal korporazioko eta bestelako erakundeetako hainbat ordezkari ere