Berriak

2019/3/15 Cristina Enea FundazioaHamargarren urteurrena

Cristina Enea Fundazioak 10 urte beteko ditu aurten, hirian eta Gipuzkoan ingurumen-kontzientziazioan erreferente bilakatuta

2009ko abenduren 14an ekin zion ofizialki bere bideari Cristina Enea Fundazioak, hilabete batzuk lehenago ere zenbait ekimen eta jarduera abian jarri baziren ere Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxetik. Data hori gogoan, abenduaren 14a alegia, 2019 urte osoan zehar hainbat eta hainbat jarduera berezi antolatuko ditu Cristina Enea Fundazioak bere ohiko programaziotik haratago, urtemuga borobil hori dagokion bezala ospatzeko, ospakizunei amaiera abenduaren 14an emango zaielarik.

Aurretik ditugun hilabete hauetan denetan, herritarrekin ospatu nahi du fundazioak urtemuga berezi hau, eta horretarako publiko mota guztiei programazio berezia eskaini nahi die. “Guretzat oso urte berezia izango da aurtengoa; orain arte eginiko ibilbidean mugarria izatea espero dugu eta urtemuga orain arte gure ondoan egon direnekin ospatu nahiko genuke, alegia, herritarrekin, erakundeekin eta eragile ezberdinekin”, adierazi du Txema Hernandezek, eta gaineratu du “publiko mota guztiek aurkituko dute gustoko jarduerak eta ekintzak, urte guztira zabalduko den ospakizun-programazio berezian”.

Hamargarren urteurreneko egitarauaren aurkezpenean Eneko Goia ere izan da, Donostiako Alkatea, eta ondorioz, Cristina Enea Fundazioko presidentea. Goiak adierazi du “milaka eta milaka direla Cristina Enea Fundazioarekin hartuemana izan duten herritarrak”. Ildo horretan, “hiriaren natur ondarea ezagutarazteko, balioan jartzeko, hobetzeko eta zabaltzeko Fundazioak egiten duen lana” goraipatu du alkateak.

Hamargarren urteurrena, data mugarria Cristina Enea Fundazioarentzat
Cristina Enea Fundazioa sortu zenetik hamar urte igarota, Eneko Goiaren eta Txema Hernandezen ustetan une egokia da begirada atzera bota, eginikoa aztertu eta etorkizuneko norabidea zehazteko. Txema Hernandezek esan du “hamargarren urteurrena aitzakia bat izango da orain arte gurekin egon direnei eskerrak emateko. Horregatik, gure eguneroko lana eta betebeharrak alde batera utzi gabe, lau kolektibo zehatzekin ospatu nahi dugu urtemuga hau: ikastetxeekin, orain arte izan ditugun kolaboratzaileekin, instituzio eta erakundeetako ordezkariekin, eta publiko orokorrarekin”.

  • Ikastetxeetako publikoa izan da, hain zuzen ere, 10 urte hauetan fundazioaren lehentasunetako bat. Horrexegatik zehazten dira urtero ikasleei eskainitako Hezkuntza Eskaintza desberdinak, gizartean ingurumenarekiko adeitsuago eta jasangarriagoa den eredu baterantz eraldaketa lortu nahi badugu gazteenak direlako landu beharreko esparru garrantzitsuenetakoa, beraiek direlako etorkizunean erabakiak hartuko dituztenak, eta beraien esku utziko dugulako gure planeta. Horrexegatik, udaberriko oporralditik itzultzean, Hezkuntza Eskaintzako jarduerak egitera Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxera datozen taldeei opari berezia egingo zaie: parkea izanik fundazioaren eremu eta ezaugarri ikusgarrienetakoa, parkearen beraren zati bat ikasgeletara eramateko aukera eskainiko diegu. Horretarako parkeko ikurretako bat den Gingko biloba zuhaitzaren zuhaixka bana oparituko zaio parte hartzen duten ikastetxe bakoitzari, gingkoak parkearen historian izan duen garrantzia eta papera azaltzeko ipuin bat antzeztuz, eta zuhixka gelakide guztien artean ondo zaintzeko jarraibideekin.
  • Azken 10 urteetan fundazioarekin modu batean edo bestean kolaboratu duten elkarte eta eragileekin festa bat izango da ekainaren 21ean Cristina Eneako parkean. Helburua da denon artean ondo pasatzea, musikaren laguntzarekin, denon arteko loturak, harremanak eta bizitako esperientziak gogoratzen ditugun bitartean. Musika talde batek zuzenean eskainitako emanaldiak lagunduta, giro atseginean ospatuko dugu kolaboratzaileekin urtemuga.
  • Fundazioaren ibilbidean zehar udalean izan diren ordezkariekin eta patronatoan izan diren kideekin festa instituzionala egingo da abenduaren 14an, Cristina Enea Fundazioaren sorrera zehazten duen egun berean alegia. Ekintza protokolarioa eta instituzionala izango da, baina ez da ezusterako tarterik faltako.
  • Azkenik, herritar guztiei ere, publiko orokorrari, opari bat egingo dio Cristina Enea Fundazioak, eta irailean bisita teatralizatuak izango dira parkean zehar, bere historiaren xehetasunak azaltzeko, espreski okasio honetarako landuko den gidoi bereziarekin. Emanaldiak irekiak eta doakoak izango dira, aurrerago zehaztuko diren data eta orduetan.

‘10 urte, 10 opari’
Amaitzeko, eta urtemugak urtebetetzeak bezalakoak direnez, ‘10 urte, 10 opari’ kanpaina ere abian jarriko du Cristina Enea Fundazioak. Helburua da martxotik hasi eta abendura arte doazen 10 hileetako bakoitzean, fundazioak opari bat jasotzea Donostiako aurpegi eta eragile ezagunen aldetik. Opari hori, ordea, ez da fundazioarentzat izango, baizik eta jasotzen duen momentu berean, Cristina Ena Fundazioak herritarrei eskainiko die, oparia herritar guztiek disfruta dezaten.

Horrela, datozen hamar hileetan literaturekin, pentsamenduarekin, gastronomiarekin, musikarekin eta beste makina bat esparrurekin lotura duten lagunek Cristina Enea Fundazioari egingo dizkioten opariak bere egingo ditu gizarte osoak. Horri buruzko informazio puntuala Cristin Enea Fundazioaren webgunean eta sare sozialetan emango dugu ezagutzera, hile bakoitzeko hamargarren egunean.

Hasteko eta behin, fundazioak jaso duen lehenengo oparia ezagutuko dugu gaur. Izan ere Maria Cristina Hoteleko tabernako arduradunak, Fito Raba koktel egileak, Cristina Enea izeneko koktela oparitu digu. Herritarren esku jarriko dugu fundazioaren eta parkearen beraren izaera biltzen dituen edaria egiteko osagaiak eta pausuak, edonork bere etxean egin dezan. Koktelaren osagai nagusia fruta-zukuak dira, fundazioren eta parkearen izaera ‘natuala’ jaso nahi izan duelako egileak. Hona hemen osagaiak:

  • Lima: 2 cl. (edo limoi-zukua edo lima-zukua azukrearekin nahastuta)
  • Marakuia zukua: 6 cl.
  • Anana zukua: 4 cl.
  • Jengibrea tantatxo batzuk (jengibre freskoa ere izan daiteke, txikituta)
  • Ginebra edo vodka, edari alkoholduna izatea nahi izanez gero: 4 cl.

Emaitza edari fresko eta zaporetsua da, fruta kutsu nabarmenarekin, hamargarren urteurrena aurkezteko prentsaurrekora gerturatu direnek dastatu ahal izan duten bezala.

Logotipo berriztatua
Hamargarren urtemuga aitzakia izango da, baita ere, bere hastapenetatik fundazioak izan duen logotipoari itxura aldatzeko. Horrela, eta orain arteko izaerari uko egin gabe, Cristina Enea parkeko ikur bilakatu diren paumek presentzia nabarmena izaten jarraituko dute fundazioaren logotipo berrituan. Erabat irudi berria egin ordez, logotipoaren berregokitzapena egin da, forma eta lerro soil eta sinpleagoak erabiliz, garai berrietara eta egungo diseinu irizpideetara egokitzeko, besteak beste irudia sinplifikatuz eta kolore bakarra erabiliz. 2019. urtean, gainera, logotipoak urtemuga ospatzen ari garela gogoratu digun ‘10’ zenbakia izango du aplikazio guztietan.


Prentsa-ohar osoa albiste honek atxikituta duen dokumentuan kontsulta ezazu.